Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-10-04
Lehen aldia izango da Txapelketa Nagusia Zallara iristen dena. Bertan, Mimetiz pilotalekuan kantatuko duen seikotea aldiz ez da berria. Onintza Enbeita, Jone Uria, Miren Amuriza, Odei Barroso, Oihane Perea eta Eneko Abasolo "Abarkas" izango dira kantuan. Guztiek dute Nagusian esperientzia. Laugarren txapelketa dutenak ere badira. Aurkezle, Idoia Anzorandia. Bertsoa.eus-ek zuzenean emango du ekitaldia.
Onintza Enbeita da laugarren aldia izango duenetako bat, eta ez ditu aurreko guztiak berdin bizi izan: “Duela lau urte nire zirkunstantzi bitalengatik (Madrilen nengoen...) ez nuen asko disfrutatu eta oraingoan arantza hori atera nahi nuke”. Dagoeneko kokatuta du burua bertsogintzan eta badaki non dagoen bere estiloa, “azkenaldian asumituta daukat metaforak sartzea, edergarri asko aurkitzea... ez dela nirea eta hurbileko hizkuntza erabiltzen saiatuko naiz. Egi txikiak bilatzen, gauzak sinple esaten... Hurbiltasun sentsazio hori komunikatu nahi nuke”. Finalaurrekoetara pasatzeko ere gogo handia du: “Hainbat Bizkaiko finaletan kantatu dut, Nagusiko finalaurrekoetan ere bai... eta gauza edarra da. Oroitzapen gozoak ditut eta nahiz eta jakin ez dela ezer pasatzen ez lortuta ere, ahalegina egingo dut. Finala ere hor dago, baina niretzako pausu bat gorago bezala ikusten dut BEC eta horrelakoak. Baina finalaurrekoak posible ikusten ditut”.
Finalaurrekoetan egon izan da bere aurreko bi txapelketetan Jone Uria eta oraingoan ere hala nahi luke. “Lau urtez behin izaten da eta tarte horrek oso momentu desberdinetan iristea ekartzen du. Aurrekoetan ez nintzen hain konsziente eta oraingoan zentratuago iristen naizela uste dut. Badakidalako nora eta zertara noan. Horrela bada, gutxienez beste urteetan beste egin nahi nuke. Ahal den gehiena kantatu hori seinale ona izango baita”. Badu Jonek ibilbide bat bai txapelketetan eta bai plazetan. “Bertsokera markatua dudala uste dut. Heldutasuna baduela nere bertsokerak edo nik behar bada eta hori erakusten saiatuko naiz ariketa guztietan. Beti ez da posible izaten baina ahalegina egingo dut” Aurreko saioetatik bitan egona da behintzat “Niri laguntzen dit mentalizazio lanean. Gaiak estiloak, aldarteak... ikusi. Gainera saio horietan gozatu dut, beraz...” Bere saioa, Zallakoa, atipikoa suertatu dela iruditzen zaio. “Gipuzkoarrik gabe, oso bizkaitarra geratu da lekua, lau bertsolari... Bere alde onak ditu zeren denak ezagutzen ditut, txapelketetan ere askotan kantatu dugu elkarrekin baino badu behar den lekuan ez kokatzearen arriskua. Hala ere saio polita geratu da”.
“Berriena” Eneko Abasolo iurretarra da. Abarkasek hau bere bigarren txapelketa du. Duela lau urte azken momentuan sartu behar izan zuen kantura, beraz oraingoan pozteko dobleko motiboa du: “Orduan ordezko moduan sartu nintzen eta orain nik lortutako, ziurtatutako, postua dut eta bestalde kantatu beharko nuela banekienez denbora gehiago izan dut prestaketarako ere”. Durangaldeko bertso eskolan astean behingo zita behintzat izan du horretarako orain saioan erakutsi nahi du egindako lana “Ariketaren bat edo bestean baino gehiago, saioan orokorrean bertsotan nabilela sentitu nahi dut. Ni gustura eta publikoa ere bai”. Bertsolari sentitzea eta aurrera begirako esperantza gehiegi egin gabe: “ Zapatuan saio ona egitea dut helburu. Trankil nago ez daukat presio estrarik eta ea horrek laguntzen didan”.
Gaur lasai eta bihar estu egoten omen da Miren Amuriza, horregatik du egiteko gogoa: “Egon nintzen Leitzako saioan eta handik bueltan esaterako estuago. Langa ere altu jarri zuten eta... baina ilusioarekin nago, gogotsu hasteko”. Azken urteotan plazetan emandakotik gertu nahi du txapelketan ere “enkorsetatuagoa da txapelketa baina han ere azaldu liteke norberaren estiloa. Norbere izaerari eta momentuari lotuta dago estiloa eta nik lau urteotan eboluzioa izan dudala uste dut eta hori erakustea gustatuko litzaidake”. Badaki zer den finalaurrekoetan kantatzea (2009) eta asko gustatuko litzaioke han kantatzea “eta ez bagara pasatzen, ba disgustutxoa hartu eta aurrera. Txapelketan horrelakoak gertatu izan zaizkit eta zerbait ikasi badut bada mundua ez dela hor amaitzen eta jarraitu egin behar dela”.
Odei Barrosok ere ikasi du gauzak lasaiago hartzen edo nahi luke behintzat horretan asmatu: “Orain artekoak ez bezala bizi nahi ditut. Aurrekoetan urduritasuna, ezinegona... oztopo izan dira nahi bezala aritzeko eta ahalegina egiten ari naiz kontzentratuta iristeko”. Hirugarren txapelketa du hau eta prestaketan mentalizatze horrez gain ez du apartekorik egin “txapelketa gehienak bezala prestatzen aritu naiz, lagunekin elkartu eta etxean lantzen joan... Baina batez ere buelta asko eman dizkiot buruari. Gaien inguruan eta lasaitasuna lortzeko zer egin behar dudan besteetan egin ez dudana. Badakidalako hori egiten ez badut beste lanketa guztia alperrik izanen dela”. Ez du helburu edo egiteko finkorik bilatzen “Hartutako bidean urrats bat aurrera izatea nahi nuke. Bide bat bezala hartzen dut eta hor joan nahi nuke, sailkapenari baino gehiago saioari,egunari lotuta”. Beste ekimenetan atseden hartuta dago beraz honetan buru belarri “Musika taldean pausa bat hartua dugu. Ez txapelketari lotuta bakarrik, bizi erritmoari, egunerokoari begira”.
Eta bukatzeko eskarmentua duen beste bat. Oihane Pereak laugarren txapelketa izango du hau eta oraingoa beste patxada batez hartzen du: “Bueno aurreko egunetan arraro egoten gara, azterketa bezperetan moduan, gehiago egin ahal ote dugunaren sentsazioarekin. Natural egoteko gai izan nahi nuke eta horrela kantatu goxo eta natural. Momentu batzuetan umorea atera ahal badut ondo, neuk ere barre egitea gustatuko litzaidake eta hala tokatzen den beste uneetan barrutik kantatzea. Sentitzen dudana adieraztea gai batzuei buruz. Sistema metriko dezimalari erreparatu gabe, esanak nire barruko filtrotik pasa eta haiek plazaratzea, bai umorez edo hunkituz... momentu bakoitzean tokatzen dena” Aurrera begiratu beharrean saioari begiratzen dio. “Ez nau itsutzen pasatzeak edo ez. Egindakoaren tradukzioa izango da hurrengoan kantatzea, edo gertu egotea... Tokatutako taldearekin gustura nago. Suertea eduki dudala uste dut hurbileko ekipoa elkartuko garelako. Nere belaunaldiko edo gertukoak eta asko konpartitu dugunak elkarrekin eta horrek konfiantza ematen du oholtza gainean”.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24