Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-10-06
Azken aurrekoa saioa izango da Zumaian, Aitzuri pilotaleku berrian, jokatuko dena. Ordurako argixeago egongo dira beharbada sailkapenak, pasa beharreko langak... Baina bertan kantatuko duten sei bertsolariak. Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal saioan daude zentratuta eta denek esan digute ez diotela puntuazioari eta sailkapenari begiratu ere egin nahi. Behintzat ez zuzenean. Aurkezle lanetan, Marta Ugarte.
Miren Artetxe prest dago saioari ekiteko “Izena eman genuen eta badator. Beraz gogotsu ondo egiteko. Egon naiz aurreko saioetan, Baigorrin eta Leitzan eta horrek punttu bat igo du nere urduritasuna. Eman duten maila ikusita ikaratzekoa da” Baina badaki berak berea egitera joan behar duela. “Ez dut bereziki ezer landu eta saioan zehar ikusi beharko da zein momentutan atera ahal dudan nahi dudan hori. Bertsolariok beti diogu guretik eman nahi dugula, bana gure baitan “gu” asko dauzkagu eta une bakoitzean ikusi beharko da zein “gu” aterako dugun zer esan dezakegun egokitutako gaiaren aurrean. Gure kapazidadearen arabera nahi dugun horretara gerturatzea. Nik hor saiatu nahi dut nere kolorea ateratzen”
Nahikari Gabilondok izan ditu gorabeherak animoan “Gipuzkoakoan sailkatu nintzenean ilusioz hartu nuen baina gero ez dut eduki, beste motibo askorengatik, burua horretan eta pixka bat desmotibatuta edo ibili naiz. Aurkezpena, lehen saioak... berriro piztu didate grina eta orain oso gogotsu nago eta era berean oso lasai. Nere helburuak ez baitaude sailkapenari begira, baditut arantzatxo batuk atera nahi ditudanak eta azken Gipuzkoakoan bezala saioan nagoela sentitu nahi dut, nik sentitu eta erakutsi” Denborak, bizitzak, beste ardurak, eman diote gauzak erlatibizatzeko modua “Nere bizitzan bertsoak duen lekua eta nik bertsotan dudan lekua nahiko argi dauzkat eta gauza bakoitzari duen garrantzia eman nahi diot. Poz handia ematen dit momentua bizitzeak. Bertsoak hori ematen dit eta kendu berriz ezer ez. Bueno denbora agian baino...” Nolako bertsokera azaldu nahi duen ere egona da pentsatzen “Beti asko estutu izan naiz errimarekin, inon hanka ez sartzean... eta naturaltasuna bilatu nahi nuke gauzak esateko moduan. Zerbait oso nerea eta esan gabe ez uztea estu ibili behar izan horrengatik.” Doinu berria ere prestatu omen du.
Aldartean, prestaketan, gorabeheratsu ibili den beste bat izan daiteke Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa': “Oso motibatuta ibili izan naiz, entrenatzen eta. Gero horrek deskantsu bat eskatzen zidan, gero berriz gora... Eta orain egokitzen Zumairako” . Prestaketa horretan landu duenak diskurtsoari begiratzen dio asko “Plazakoagoa edo den zerbait sartu nahi nuke. Zortziko handian, txikian... hain transzendentala ez den diskurtso bat landu. Aldiz bakarkakoetan nik beti erabili izan ditut testuzko doinuak, zortziko erregularrak eta, horrek istorioa osatzen bertan detaileak sartzen... laguntzen duelako. Eta orain zalantzan ere banago beste estiloan ere egin ahalko dudan, puntu motzagoak sartu.. uste dut gaiek ahalbideratu dezaketela hori. Eta hor nago dudan, batera edo bestera egin dantzan. Seguru asko Zumaiak berak esan beharko dit zer egin”. Estiloarekin jarraituta ofizioetakoak ez diote hainbeste zalantza sortzen “nik hamarreko txikia oso kuttuna dut eta ez dut inoiz bereziki entrenatu beharra sentitu. Eta zortziko txikian ere antzeko. Hor behar bada nere umorea, berazi xamarra behar bada, ez da agian beti denentzako gustukoa baina nik nerea egin beharko dut” Zumaia bukatu eta bertatik alde egin arte ez dio sailkapenari edo antzekoari begiratu ere egin nahi.
Ibon Ajuriagojeaskoa ohiko taldean aritu da prestaketa lanetan “Etxahun, Oihana, Beñat... biltzen jardun gara eta ustez ondo iristen naiz. Kantatzeko gogoz”. Egin nahi duena oso begi-bistakoa da, topikoa dio berak “presioaren gainetik ahal den beste disfrutatzera joan. Ahalik eta bertso onenak utzi eta neroni gustura geratu” prestaketara bueltatuta ez du ezer bereziki landu “Ariketa guztiak prestatu ditugu. Denek dute bere garrantzia. Egia da arreta berezia jartzen diogula bakarkakoari txapelketa ez dagoenean, urtean zehar gutxiago lantzen dugulako, behintzat modu horretan. Baina puntu erantzunak, ofizioak denak landu ditugu” Bigarren txapelketa du Ibonek “Batetik bestera beti sentsazioak desberdinak izaten dira. Egia da txapelketa txapelketa dela eta badakigu ze espektatiba sortzen dituen, edo jartzen diogun... eta horri neurria hartzea da gure eginbeharra. Zentratuta iristea, kasu honetan Zumaiara”.
Dagoeneko bosgarren Txapelketa Nagusia izango da Asier Otamendirentzat. Ez zuen horrela aurreikusita “ Ez, Arabakoan ateratzea erabaki nuen, eta txartela lortu nuen. Ondoren Nagusirako mentalizatzea etorri zitzaidan eta orain pozi. Betiko martxanlanean, taldean prestatzen eta pretentsio handirik gabe baino saio on bat egitera” Ez dulan, prestaketan, aldaketa handirik egin. “Txapelketaren simulazioren bat egiten dugu, bertako ariketak landu...Eta ez bereziki bat. Nire asmoa edo gogoa ere orokorrean saio polit bat egitea da. Adinean ere aurrera goazenok badirudi txapelketan ez dugula zer aportatu edo. Orain txapelketan denak gazteak dira, gogotsuak, indartsuak... baina 40tik gora dugunok ere ekarri dezakegu gure belaunaldiaren testigantza, gure mundu ikuskera, gure oinarriak... Eta hori gehitu nahi dut nik” Puntuazioari buruz ez du ezer pentsatu nahi “Oso, oso garbi daukat ez diodala lehiari begiratuko. Lehenago ere aukerak izan ditu, baina orain ez naiz joko horretan sartuko. Saioan ondo geratu, txukun aritu eta ondoren pozik eta konforme gertatzen denarekin”.
Txapelketa Nagusian bere lehen saioa egingo duena da Nerea Ibarzabal eta bere aldartea "unekadaka" omen doa. “Egon naiz urduriago, ilusionatuago, berriz larritu... Orain gogotsu nago. Entrenamenduak egin ditut, neure kabuz ere aritu naiz. Eguna
iristeko prest”, Prestaketa garaian denetik egin izan omen du “Plazetan egiten ez diren edo txapelketan beste modu batean egiten diren lanak batez ere. Puntua erantzunak esaterako plazetan gutxiago tokatzen eta zehatzagoak izaten dira. Horietan ahalegin berezia egin dut. Eta bakarkakoa desberdina da txapelketan. Imajinazioa gehiago landu behar da, gaitegian ahalik eta abaniko zabalena lortu..” Zumaiako saioan landutakoa erakusteaz gain “gustatuko litzaidake pentsatzen dudanetik gertu edo hortik zerbait uztea. Inertziak ez saltzea. Berdin da umoretik edo seriotik baina nerea den zerbait uztea” Lehiaketan aurrera egiteari buruz berriz “Berezia bezain polita litzateke aurrera egitea eta segun eta ze saioa ateratzen den posible dela ikusten dut. Eta ez bada gertatzen ez da ezer pasatzen ez dago dramarik horretan”.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24