Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-10-12
Tolosako saioa izango da final laurdenetako azkena eta bertan, Beotibar pilotalekuan, jakingo da hurrengo fasera igaroko diren bertsolarien zerrenda. Lehen ere txapelketako saio asko egin dira Tolosan bai Gipuzkoakoak baita txapelketa Nagusikoak ere 1935etik hasi eta gaur arte. Azken bietan kiroldegian egin ondoren, Txapelketako saioa berriro itzuliko da Beotibar kantxara. Han egongo dira sei bertsolari frontoia bertsoz betetzeko prest eta banan-banan saioaren aurrean nola dauden galdetu diegu.
Tartean edizio honetako beteranoenetako bat. Jon Maiak bere zazpigarren txapelketa izango du hau eta punta-puntan ibilitakoa da ez baitu alperrik bost finaletan kantatu. Modu berezian hartzen du ordea aurtengoa “nere buruari egindako opari bat da txapelketa hau. Duela lau urtekoan erori egin nintzen lehen saioan eta ez nuen horrela bukatu nahi. Horregatik kantatu nuen Gipuzkoakoan hasieratik, eta ibilbide guztia egun dut. Lan asko egin dut hau lortzeko. Orain disfrutatu eta horri probetxua ateratzea tokatzen da” Etxeko lan dezente eginda, eguna iristeko irrikitan omen dago. “Kontzientziaz landu dut txapelketa. Hau beti aukera bat izaten da norbera berritzeko, hobetzeko eta garatzeko.Nere burua kokatzen dut zer eta nola egin nahi dudanean eta gero egitea tokatzen da. Ea ateratzen den. Nik espero dut ondo egitea eta ahalik eta goren iristea, baina partiduz-partidu joan behar da, saio bakoitza aukera bezala hartuta”
Maddalen Arzallusek 2009koan kantatu zuen finalerdietan eta plazak utzita egon ondoren berriro itzuliko da. “Bueno Xilabako bi txapelketa egin ditut dagoeneko. Eta orain Nagusira aurreko esperientzi garratza kentzera nator. Horrela bukatu nuen eta orain sentsazio hobeak berreskuratu nahi ditut” Gustura dago tokatu zaion saioarekin eta azkenekoa izatearekin ere bai behar bada.” Egia da azkenekoa izatean txapelketaren inozentzia hori galdu egiten dela. Eta orain badakit non dagoen gainditu beharreko langa. Ez onerako eta ez kalterako. Nere lana lehenengo agurretik azkeneko agurreraino ahalik eta ondoen kantatzea da, eta horren ondorengo puntuaketak, epaiketak... beste batzuen lana da. Eta ni Tolosara nerea egitera joango naiz”
Etxahun Lekuek momentuz lasai dagoela esan digu eta aurreko saioetan entzule moduan egoteak lagundu diola. “ Ofizioko gaiak nolakoak diren jakiteak, kokatu naitekeela hor... Bakarkakoak ere iruditu zait, nahiz eta zabalak diren, badutela beti heldulekuren bat edo beste” Ez dira gai modu ohikoenak izaten plazetan behintzat eta horrek errespetua ematen dio “ Badiot horri beldur pixka bat, ez naiz ni istorioak eta osatzen oso abila gustatzen zaidalako konkretuagora joatea” Binakakoetan, ofizioetan, zer bilatu nahi duenari ere ez dio buelta askorik ematen “ Elkarrizketa ahalik eta egokiena eta naturalena egitea gustatzen zait. Beste bertsolari batzuek badute ideia bereziak eta ekartzeko abilidadea eta niri ere gustatzen zait sorpresa horiek bilatzea... baina beti elkarrizketa barruan” Hau laugarren txapelketa du eta aurreko hiruretan final aurrekoetan egon denez oraingoan ere gustatuko litzaioke han egotea. “Ez diot derrigortasunik jartzen nere buruari. Ez balitz gertatuko ez da ezer pasatzen. Baino beste aukera bat da aurrera joatea. Plaza ederrak dira, bertsolari onenekin kantatzen duzu...”
Bere lehen Txapelketa Nagusia duten bi bertsolari daude Tolosako saioan eta horietako bat da Eneko Lazkoz. Nafarroako final asko gainean baina estreinakoz arituko da. “Niretzako amets bat betetzea da honelako aukera izatea. Lekua, giroa, kantu-lagunak... aparta da”. Momentuz lasai iristen dela dio, gogoz. “Gainera eskertzen dut azken saioa izatea txapelketa hasi aurretik aparte bezala sentitzen nintzen eta tarte honek balio izan dit burua horretan jartzeko. Saio pare batetan egon naiz eta horrek tripak ere mugitu dizkit” Zer eman nahi lukeen pentsatzen ez da gehiegi jartzen “Azken Nafarroako txapelketan oso gustura geratu nintzen eta han emandako mailara inguratu nahi nuke. Hasiera batean kezka pixka bat banuen, final hartatik pentsatu baino lan gutxiago egin dudalako, baina orain bertso eskolan gehiago aritu gara eta hobeto nagoela uste dut” Badaki puntuei begiratzea alferrik dela. “Ezin da horretan pentsatu, ezin duzu kalkulatu zenbat puntutako bertsoa botako duzun. Ahalik eta onena bota eta besteek esango dute hori”
Estreinaldia duen bigarren bertsolaria lekeitiarra da Xabat Galletebeitia eta oso presente du lehen aldia duela “ Nahita daukat gogoan, hankak lurrean eduki nahi ditut etorri ahal dena ondo hartzeko. Espektatiba horrekin joan nahi dut txapelketara. Ea Nagusian zer topatzen dudan” Distantzia pixka bat hartuta ibili da azken astera bitartean “Azken bi saioetara joan naiz, girotzen joateko. Gurea azken saioa eta nolako saioa zen jakin nuenean kriston poza hartu nuen” Postuen inguruan ez omen du helbururik jartzen baina pertsonalki bai. “Neure buruaz zintzoa izan nahi dut, horrela izango naiz zintzoa publikoarekin eta txapelketarekin. Aukera moduan hartu nahi dut “Prestaketan ere horretan jarri du arreta “Ez naiz zoratu teknika prestatzen. Uste dut horretan lehen egindakoak oinarri bat ematen didala. Ahalegin berezia txapelketa neure barruan kokatzen egin dut eta ondorioz edozer pasata ere irakaspen moduan hartuko dut”. Eta seigarren bertsolaria, Beñat Lizaso, hasteko zain dago “Azkenekoa saioa izatea luze egiten da eta kantatzeko gogoa daukat. Preparatzen ibili gara eta ea orain zenbateraino egin ahal dugun” Hala ere aurretik saio batzuk entzunak izatea ez zaio gaizki etorri “Lasaitasuna ematen du, badakigulako zer etorri litekeen, ze gai mota dagoen... orain guri tokatzen zaigu punttua harrapatzea. Ez da komeni nerbioso egotea, baina tentsio pixka bat ere behar izaten dut. Saio normaletik harago txapelketan gaudela konturatu, gaiari heldu eta bi aldiz pentsatu zer esan eta gauzak nola esan” Duela lau urte iritsi zen final aurrekoetara eta oraingoan ere hori desio du. “Garai txarrean tokatu zitzaidan aurrekoa eta ez nuen behar adina prestatzerik izan, Baina ikusi nuen hor egoteko modua nuela. Orain ere hala nahi nuke, baina bertsotan eginda. Erakutsita kapaz garela egiteko eta hor egoteko” Bere bertsokera finkatu xamarra ikusten du, “badira urte batzuk honetan ari garela eta nik uste bai norberak bai jendeak badakiela nolakoa den gure egiteko modua. Beti ari gara ixkinak pulitzen, hobetzen... eta honelako saioak dira hori erakusteko unea”.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24