Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-10-23

Zortzi doinu berri utzi ditu lehen faseak

Aimar Karrika, Oihana Iguaran, Julio Soto, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Odei Barroso, Nahikari Gabilondo eta Jon Maia izan dira doinu berriak plazaratu dituztenak. Lehen fase honetan 90 doinu erabili dira, agurrak barne.

Txapelketa Nagusiaren lehen faseak zortzi doinu berri eta kantutegiko zenbait moldaketa utzi ditu. Berriak, bakarkakoak denak. Batzuk hasierako agurrean ezagutzera emanak, besteak kartzelan zuzenean. Agurretan izan da doinu aniztasun zabalena, kantu ezagun asko bertsotara ekarriaz. Denera 90 doinu desberdin erabili dira lehenengo sei saioetan, agurrak barne.

Lan puntuagarrietara etorrita, Baigorrin, txapelketako lehen saioan Aimar Karrikak Etxamendi eta Larralderen Alegeraz kantuko airea ekarri zuen bertsotara, neurriko txikikoa (7-6) eta sei puntukoa. Leitzako final laurdenak utzi zuen uztarik oparoena: lau doinu berri kartzelan.  Oihana Iguaranek agurrean lehenbizi eta kartzelan baliatu zuen gero, Ismael Serranoren 'Papa cuentame otra vez' abestiaren doinua bertsotara ekarrita. Sei puntuko doinua da, 8-8 egiturakoa. Julio Sotok kartzelan atera zuen zortzi puntuko doinu berria 8-8 egiturakoa hau ere, Nerea Arbizu musikariak sortua. Agin Laburuk zazpi puntuko doinua plazaratu zuen, 10-8ko bost puntu eta tartean bi motz dituena, Imanol Kamiok egina. Leitzako saioan, Iñaki Apalategirena izan zen laugarren doinu berria, Beasaingo bertsolariak berak moldatua.

Leitzatik, Zallara. Odei Barrosok neurri txikiko zazpi puntuko doinu berria plazaratu zuen kartzelan, hainbat doinutatik abiatuta berak egindako moldaketa. Nahikari Gabilondok Zumaian sei puntu doinu berria ekarri zuen bakarkako lanean, hau ere berak moldatuta, beste doinu baten harira, 10-8 egiturakoa.

Oraingoz, Txapelketa Nagusiak utzi duen azken doinu berria Jon Maiak utzi zuen Tolosan, hasierako agurrean lehenik eta kartzelako lanean ondoren. Zazpi puntu ditu, 8-8 egituran. Pello Ramirezek sortua da.

 

Doinuaren izena, lehen bertsoko lehen lerroa
Doinuak izendatzeko irizpide nagusia da bertsolariak doinu berri horretan kantatutako lehen lerroa. Beraz, honala gelditu litezke izendatuta zortzi doinu berri horiek:

'Azken aldian nabil'. Aimar Karrikak, Baigorrin.
'Gaur udaberri bat dabil'. Oihana Iguaranek, Leitzan.
'Ze ederra, ze polita'. Julio Sotok, Leitzan.
'Garai hau noizbait helduko zala'. Agin Laburuk, Leitzan.
'Etxe bat daukagu goxo'. Iñaki Apalategik, Leitzan.
'Joan nintzen Irakera'. Odei Barrosok Zallan.
'Apirilaren hamalaua zen'. Nahikari Gabilondok, Zumaian.
'Berez ez nekien eta'. Jon Maiak, Tolosan.

 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri