Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-10-26
Larunbatean izango da Bastidan Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa. Badituzte goizetik bertso ekitaldiak eta arratsaldeko bostetan emango zaio hasera udal kiroldegian saioari. Han egongo dira prest, norbere ahaleginak, zozketak eta patuak izendatutako sei bertsolari: Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Sustrai Colina, Jone Uria eta Nahikari Gabilondo. Horietako lau final laurdenetatik datoz eta beste bik, duela lau urte finalean egonik, orain hasiko dute ibilbidea. Saioaren aurrean nola kokatzen diren jakin nahi izan dugu.
Igor Elortza izango da Txapelketako bidean sartuko denetariko bat eta lehen urrutixeago ikusten bazuen ere “Sentsazio ezagunak bueltatzen dira eta saioan aurrekokatzen, mentalizatzen hasi behar duzu. Zer egin nahi dugun aztertu eta hori bertsotara eramateko ahalegina prestatzen." Egin nahi duen hori zehazten hasita “daukadan adinak, bizipenak, bai oholtza gainean edo bestela, jartzen zaitu leku batean eta nik horri kantatu nahi diot. Nire inguruari, edo nire inguru batzuei eta garaiei, hainbat garaiei". Hori guztia saio batean ateratzea ordea... “Saio bat baino gehiago izateko aukera izatea ona da. Hasteko hamabost bertso dira eta hor gauza asko gerta daitezke. Zer egin nahi dudan jakinda ere, badakit suertatuko direla haizearen kontra kantatu beharreko uneak, dela gaiak, lagunari jarraitzeak, norbere egoerak horra eramaten zaituelako. Uste dut baldintzapeko sormen batean aritzen garela. Bestalde txapelketak plaza ederrak dira gura duzun hori ateratzeko. Jendearen, inguruaren belarriak adi daudelako.” Txapelketa batzuk baditu Igorrek dagoeneko eta duela lau urtekoa gogoan du (hirugarren geratu zen) “Ona izan zen 2013koa. Garai hartan nuena ateratzeko suertea eta azertua izan nuelako. Hala ere oraingoari begira badakit ez dagoela ezer eginda eta era berean ezer ez dela ezinezko”.
Txapelketan lotzen den bigarren bertsolaria Sustrai Colina da, eta badu kezka apur bat: “guri martxan doan tren batean sartzera tokatzen zaigu eta komeni da lehenbailen bi hankak barruan sartzea eta ahal dela asentu pixka bat hartzea bertan." Bertako ibilbidea eskailera moduan irudikatzen du “ahal den bertso onena kantatzea joan behar da hurrengoan hobeak bota ahal izateko. Bai saioan bertan eta hurrengoetan ere aukera izateko. Bertsoz bertso irabazten joan behar da hori.” Nolako eskaintza egin nahi lukeen begiratuta, “lau urteotan mundua, Euskal Herria eta ni aldatu garela uste dut eta hortik kantatu nahi dut, horren arrastoa utzi nahi nuke. Bizi dudan momentuari, inguruari, dagokion jarrera eta ikuspegia azaleratu.” Hori bertso moldera eramateko ahaleginean dago kakoa. “Egin nahi dudana egiteko baliabideak biltzen aritu naiz. Gogoz eta prestatuta nago, gero horiek egunean bertan esplotatu ahal izatea beste kontu bat da. Badakit txapelketak bere exijentziak dituela eta hor errenditu beharko dudala, gaikera, modu, giro horretan kokatu. Saioak entzun ditut, zer joera dauden ikusteko baliagarri izan zaizkit, mentalizatzeko... eta ni oso prestatuta nago datorrenerako." Horrek finalari begiratzea esan nahi ote duen, izan ere aurreko lau partehartzeetan lauretan finalean egonda... “Dakidana da aurreko lauretan finalerdietan egon nintzela, eta hori hartzen dut gogoan. Han eginda iritsi daiteke finalera ere. Finala ere ongi etorria izan daiteke horrek bertso gehiago kantatzeko aukera ematen duelako. Baina horretarako Bastidako hamazazpi bertsoak ahalik eta onenak izan behar dute. Gainera ez ditut helburuak postuan arabera neurtu nahi." Hasierako adibidera bueltatuta “trena harrapatu behar dugu, sartu eta han kokatu. Trenaren atzetik korrika ibiltzeak ez du ekarriko ezer onik”
Arriskatzeko asmoz joango da Jon Martin. ”Gogo hori daukat. Helburuak beteta ditudala uste dut eta hurrengo saioan gris geratu gabe koloreak ematera joango naiz”. Arriskatzeak arriskuak hartzea dakar ordea, “bai, bai, hurrengo saioa galtzea ekartzen badu horrek, onartzen dut. Ez galtzera jokatutako sentsazioekin geratu izan naiz noizbait. Eta ez dut hori gertatzea nahi. Nere zati batzuk, eta ahal dela niregan suposatzen ez dituzten zenbait, erakutsi nahi ditut.” Aurreko saioan -Seguran kantatu zuen- izan zuen aukeraren bat “eta gustura kantatu nuen, oraingoan ere kontrol sentsazio berarekin aritu nahi nuke. Bertsoen bidea nondik doan ikusi”. Segurakoak ez zuen ordea erabat bete “bakarkakoan, kartzelakoan, arantza bat sartuta geratu zitzaidan. Entrenatzerakoan eta nik jarritako helburuetan dago pertsonaje txikiagoak marraztea. Nere asmoa dramak ez egitea da, benetako egoeratan kokatzea... Horren ondorio badakit tokatzen zaizkidan gaien, egoeren araberakoa izango dela lortuko dudan emaitza. Baina hori, ea gustuko gaiak tokatzen zaizkidan parean eta nahi dudan horretara gerturatzen naizen”.
Nahikari Gabilondok Zumaian kantatu zuen final laurdenetan eta gustura atera zen handik. “Gozatu egin nuen orduan eta oraingoan sentipen horiek izan nahi ditut. Saioan egotearen sentsazioa”. Hala ere, ordukoak hobetzea badago bere asmotan: “ofizioak hobeto janztea gustatuko litzaidake. Erantzun eta bai, baino gehiago jantzi dena. Eta puntu erantzunetan erreflexu eta patxada gehiago izatea, horiek biak batera”. Beti dago zer hobetua baina Nahikarik helburu bat bete du “azken txapelketako arantza atera nahi nuen eta hori lortu dut. Hemendik aurrerakoa dena opari bat da. Nik esan nuen lehen saioaren aurretik sailkatzea ez zela nire helburua baino beti gustatzen zaigu lanaren emaitzak jasotzea eta hau oso polita izan da. Horren aurrean lasai eta gogoz nago orain. Pozik lehenengo saioa tokatuta eta egokitu zaidan taldearekin eta orain merezi duen mailako erantzuna ematera”.
Agin Laburu ere final laurdenetatik aho zapore gozoarekin dator baina oraingoan lasaiago: “aurrekoan baino hobeto nago. Gure txikian gehiago jokatzen ote genuen aurreko saioan. Pasa beharra jartzen genion gure buruari. Gainera egiten duzun lehen saioan kezkak izan dituzu non, nola zauden... eta orain Txapelketan sartuago nago. Bestalde, maila handiko beste bertsolari batzuk sartzen dira orain eta erantzukizun handiagoa beraiena izango da”. Prestakuntzan hobera egiten ari den sentsazioarekin. “formaz eskailera maila bat gora egin dudala uste dut eta horrek konfiantza ematen dit”. Sailkapenari ez dio helburu finkorik jartzen. “Amestu bai, baina finalean zortzi sartzen dira eta finalaurrekoetan saio ona egitea ere eskaparate ederra da guretzat. Neri gustatuko litzaidake bigarren final aurrekora pasatzea zerbait jokatzeko moduan, aukeraren batekin. Duela lau urte kantatu nuen Maulen, eta oso ondo, pozik, baino aukera guztiak galduta. Arantzatxo hori aterako banu”. Eta badu beste arantza txiki bat aurreko Leitzako saiotik: “bakarka doinu berria atera nuen eta kantatzerakoan tonua altuegi hartuta edo, ez nuen gozatu. Ea oraingoan. Uste dut gaiak beste zerbait eskatzen ez badu doinu horretan kantatuko dudala". Eta arantzatik kapritxora “oso gustura nago tokatu zaidan saioarekin. Ederra dela uste dut eta gustatuko litzaidake Igor Elortzarekin ofizioren batean kantatzea. Inoiz ez zait tokatu Txapelketan eta beti mirestu izan dudan bertsolaria da. Badut kapritxo hori”
Jone Uria ez zen bada erabat aseta atera aurreko saiotik. “Saioa bukatu eta puntuazioz ikusten nuen barruan nengoela baina beste urteetan lasaiago pasa izan naiz. Ondorioz bueltak eman dizkiot aurreko saioari eta uste dut falta izan zitzaidala kolperen bat edo beste ematea”. Hurrengoan orduan gehiago arriskatzea? “Zaila da jakitea zehazki zer den arriskatzea. Gora egiteko faktore asko daude eta guztiak ez gure esku. Uste dut saiatu behar dudala bertsoaldi pare batetan edo asmatzea eta hor jotzea kolpe hori”. Jarrera beraz desberdina, “gorputzaldi hobea eduki eta lasaiago aritzea. horretarako lagunduko digu saioan bertan gu baino pisu gehiago duten bertsolariak izatea. Neri behintzat nahi dudan horren inguruan lasaiago aritzeko aukera emango dit”.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24