Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-10-31

Bigarren finalaurrekoa Irunen

Bigarren finalaurrekoa Irunen
Asteazkenez, jai eguna Euskal Herri osoan, Irungo Artaleku kiroldegian izango da Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa. Beti bezala 17:00etatik aurrera sei bertsolari izango dira bertan. Duela lau urteko finalean kantatu zuten Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio eta sailkapenari jarraituta: Alaia Martin, Unai Agirre, Maddalen Arzallus eta Aimar Karrika. Sarrerak guztiak salduta daude.

Asteazkenez, jai eguna Euskal Herri osoan, Irungo Artaleku kiroldegian izango da Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa. Beti bezala 17:00etatik aurrera sei bertsolari izango dira bertan. Duela lau urteko finalean kantatu zuten Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio eta sailkapenari jarraituta: Alaia Martin, Unai Agirre, Maddalen Arzallus eta Aimar Karrika. Irabazleak Donibane Lohitzunen kantatuko du, azaroaren 26an.

Batzuk aurrekoaren segida, besteak sartzeko gogoz, animoso topatu ditugu seiak.

 

“Ilusiotik kantatu nahi dut eta ez beldurretik”

Alai Martin eroso aritu zen Baigorrin final laurdenetan eta horrela, eroso, lehenengo postuetan pasa da final aurrekoetara. Horrek presio gehiago jartzen ote dion “zaila da presioa zer den neurtzea. Bakoitzak bere burua engainatzen du horretan. Nik nirean zentratu nahi dut, zer egin nahi dudan, periferian pentsatu gabe burua egingo dudanean eduki. Kantatzeko gogoz nago, urduritzen hasi naiz pixka bat, baina aurrekoan baino patxada gehiagorekin uste dut. Barkuan barruan egotearen sentsazioarekin”. Baigorritik zer hartuko lukeen eta zertan hobetu nahi duen galdetuta antzeko sentsazioak izan nahi ditu: “han izan nuen tenplea, saioan sartuta egotea hartuko nuke eta horri gehitu arriskatzeko asmo handiagoa izatea. Neri gustatzen zaizkidan gauzak egiteko eskubidea ematea nire buruari. Umore gehiago egiteko aukera izatea... Hala ere ez da erraz arriskatzea zer den esplikatzea baina beldurretik aritu beharrean ilusiotik aritu nahi nuke. Intuizio gehiago izan. Adibidez errima bereziren bat etortzen bada saiatu, korapilatu bertan. Jolas egin eta borrokatu puntu bakoitza”.

“Bertsotan zorrotzago egiteko saiakera egingo dut”

Unai Agirrek ondo ikusten du bere burua “Iritsi nahi nuen lekura – final aurrekoetan kantatzera- iritsi naizen sentsazioarekin nago eta ondo nagoela uste dut” Leitzako saioan, nahiz eta bosgarren egin, gustura geratu zen saioarekin “bakoitzak bere bertsokeraren arabera neurtu behar du egindakoa eta ni komodo aritu nintzen bertsotan. Orain begiratu behar da zer afinatu behar den gehiagora joateko. Eta hortik gora egiteko asmoa bada, eusten aritu beharrean hortzak erakusteko momentua da. Gehiago zorroztekoa lan bakoitza". Lanak aipatuta ofizioetan hain erraz aritu eta bakarkakoan kosta ote zitzaion galdetuta, “ni oso eroso aritzen naiz bakarkakoetan. Egia da txapelketan bakarka egiten den moldean gehiago kostatzen zaidala. Aurrez egindako lan berezia dago hor atzean eta hor apoiatu nahia edo ez beste kontu bat da. Egia da ofizioetan ondo egin eta gero puntuen aldeak ere hor izaten direla txapelketan. Beraz horretan ere jarri beharko da arreta”. Dena den berak dio lanei nola heltzen zaien moduan egon daiteke aldea: “Gai bakoitzaren heldulekua hartzean, nola posizionatu horren aurrean. Beti egoten da orokortasuneko joera, baina gaia tratatzen asmatzen duenak asko asmatuko du”.

 

"Denbora asko ez dut izan, baina hasi naiz zentratzen"

Maddalen Arzallusek final laurdenetako azken saioan kantatu zuen eta berehala etorri zaio hurrengoa. “Denbora asko ez det izan ez, azkar iritsi da hurrengo saioa. Gainera zurea tokatzen dela konturatzen zara aurrekoa pasatzen denean eta azkena larunbatean izan eta lau egunetara gurea, sorpresan bezala harrapatu nau. Oraintxe hasi naiz zentratzen”. Maila aldaketarekin beste pausu bat ere eman behar bada, “final laurdenetan banuen presio txiki bat fasez pasatzeko eta orain gutxiago daukat. Lasai eta konfiantzarekin iristeko modua izango dudala uste dut. Pittin bat estutu eta ea zer ateratzen den”.  Zertan estutu ordea, “Tolosako saioan baino hobeto erantzun nahi diet puntuei, hor uste dut badudala tartea eta bakarka ere gehixeago estutu nezakeela uste dut, aurrekoan gertuko gaia tokatu zitzaidan eta oraingoan behar bada fikziora jo beharko dut. Seiko motza da ariketa berria fase honetan eta polita eta gustagarria zait. Ohitu egin behar da, baina gozatzen asmatuz gero ederra da ariketa”. Irun plaza ederra izango dela ez du dudarik. Ederra eta betea “bueno behin kopuru batetik aurrera bostehun edo mila egon... Izen handiak badaude orain tartean eta horrek presio gehiago ezartzen dit nola moldatuko naizen horien ondoan. Ea nire papera betetzen dudan. Saioa edarra da eta etxe ondoan. Lasai bazkaldu eta joango naiz”.

 

"Nire buruarekin konforme geratu nahi dut"

Aimar Karrikak gozatzeko aukera moduan hartzen du Irungo saioa: “Txapelketak emandako beste opari bat da hau. Saioa bereziki ederra dut eta aprobetxatzea gustatuko litzaidake”. Horretarako saiora ondo iristea, lasai egotea, komeni, “nire buruari derrigortu diot Baigorrira eraman nuen tenplea eraman behar dudala Irunera. Aldatu da lekua, kantukideak... baina horiek ere bost dira eta egin beharreko lanak ere beste bost ... Beraz berdin egin nahi nuke lana”. Egia da ez dagoela aldaketa handirik eginbeharreko lanetan. Edo bai? “Lehen saioan iruditu zitzaidan, zortziko handian esaterako, gaiak gutxiago zehaztuak zirela, beraz lagunari gehiago entzun eta elkarrekin erabaki behar da nondik jo, batera egin beharreko bidea dela uste dut. Gero aldatzen da seiko motzean egin beharra eta horren berezitasun teknikoetara egokitu beharko da. Bakarkakoetan berriz denetik egon da txapelketan: lotuagoak, zabalagoak..  Bastidakoa gustatu zitzaidan”. Azken postuan sartu da Aimar beraz dena gora egiteko moduan izan daiteke: “Ondo hurrengora beti azkena sartuta ezta? Edozein lekuan geratuta ere ni dagoeneko konforme nago.  Badaukat saioan zeregina: kantukideak lagundu, nire buruarekin konforme geratu eta zaleei zerbait utziz gero pozik”.

 

"Azkena izango den txapelketan zer hoberik finalen kantatzea baino"

Aitor Sarriegi, duela lau urteko finalista, orain sartuko da txapelketan. “Konturatzerako gainean dago eta beti sortzen du kezka nolakoa izango den lehen kontaktua. Martxan dagoen trenera zein hankarekin sartuko garen”. Prestaketa lanetan ondo aritu omen da eta “orain saio osoa egitea gustatuko litzaidake. Ez dut uste inoiz txapelketa baten erabateko saio bat egin dudanik eta bila joango naiz”. Burua txapelketara egokitu beharko ote duen ere, “ez da asko kostatzen horretara egokitzea. Txapelketan neurri zehatzak dira, bertso kopuruak ere bai. Entzuleen belarriak, atentzioa ere desberdina da baina tira, ez dago misteriorik. “Zer egin nahi duen badaki beraz “egunerokotasunari begiratzen diodan modua txertatzea tokatzen den ofizio bakoitzean. Iruditzen zait aurtengoa aukera polita izango dela. Gaitegian, joeran, gauzak aldatzen doazenaren irudipena dut. Gai sozialagoak, eguneroko beste kontu batzuei begirakoak ote diren eta horrek konkreziorako joera dakar. Hori nola ikusten dugun adieraztea eta bertsotara eramateko gai izatean dago apustua”.  Seigarrena du hau Aitorrek, eta azkena izango duen txapelketa omen da hau “Bukatzeko leku hoberik ez da egongo noski finala baino. Tira, ni hori borrokatzera nator eta horretan egonez gero ez da seinale txarra izango. Lana ondo egin behar da horretarako”.

"Txapelketak bere erregistroak ditu eta egokitu egin behar da"

Maialen Lujanbiok badaki zer den Irungo Artalekun kantatzea han jantzi baitzuen Gipuzkoako txapela: “Bai, oroitzapen onak ditut. A priori saio ederra daukagu, eta era berean niretzat zailena, lehenengoa baita. Plaza mota horretarako errodajerik gabe, gaiak, giroa, sintonia, ingurua... desberdina da eta behar bada inkomodoena. Sartzea beti kosta egiten delako”. Prestaketa ohiko eran egin du: “bai, urtero bezala, betiko moduan, saiatu gara prestatzen bai etxean, bai bertso eskolan”. Behar bada plazatik txapelketarako txipa aldatzea zailena, “bueno, txapelketa bertsogintzaren barruan beste genero bat da plazatik desberdina dena. Ez dakit hala izan behar lukeen baino denak hartzen du halako neutralidade bat, ez oso interesgarria, baino txapelketak berekin duena. Hor kokatzea tokatzen da, horretara pausua ematea eta horrek, niregan behintzat halako krakatekoa ekartzen du”. Egokitze, aldatze hori zertan dagoen. Beharbada bakarkako lanetan gehien? “Denetan. Bai ofizoetan eta bai bakarkakoetan gai moduak desberdinak dira dena burbuja baten barruan gertatuko balitz bezala, dena atenporala, ezlekutua.... Txapelketan hala beharko du baina neutraltasuna nagusitzen da, baldintza berdintasunaren aldera... Eta parte bistosonetakoa bada bakarkako lanekoa. Denok eraman dugu dagoen modura eta orain ahalegina egin behar, ahalegin interesantea alde batetik, horretara egokitzeko”.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri