Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-11-03
Maule-Lextarren jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa larunbatean. Saioa herriko Ororena jai alain izango da, 17:00etatik aurrera. Beti bezala sei bertsolarik osatzen dute kartela eta Herrialdeetako hiru txapeldun daude bertan Bizkaikoa, Gipuzkoakoa eta Nafarroakoa. Hauek bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal. Saio bezperetan harrapatu ditugu seiak. Bertsoa.eus-ek zuzenean emango du finalaurrekoa, 16:50etan hasita, Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdiren iruzkinekin.
"Kriston saioa egiteko goga daukat"
Nerea Elustondok ez dizkio buelta asko eman aurreko saioari, Segurakoari. “Badakit han puntu erantzunetan ez nuela asmatu eta hortik Maulerako apustua. Hanka sartzerik ez egitea. Gogoa haundia eta desioa kriston saioa egitekoa”. Horrek gehiago kantatzeko ateak irekitzen ditu. Beste saioa kantatzeko aukera badut pozik eta bestela ez da munduko beste ezer pasatzen”. Egin beharreko lanak ohikoak dira eta akaso bakarkakoak kezkatzen du gehien: “zer gai tokatzen den asko esko esan nahi du. Azkar samar ekarri behar duzu ideia eta ea ideia hori zerbait esateko modukoa den. Zeozer utzi ahal izateko moduko zerbait bilatzeko erreflexuak ditudan”. Beste lanetan ere zorteak badu zerikusia “bai beti dago zein gai, pertsonaje... tokatzen den. Baina gaia egiten joan behar da eta neri gustatzen zait albokari jarraitu, elkarrizketa osatu. Gainera uste dut daukagun kartelean hori egiteko aukera handia dagoela. Oso kide onak ditudala”
"Beste pausu bat eman behar da"
Julio Sotok garbi ikusten du koxka bat gora egitea tokatzen dela, tokatzen zaiola, oraingoan: “Hau aurrera doa eta gero eta maila handiagoa eskatzen du. Lehenengo saioa beti izaten da zailena. Dena eman behar duzu han ere baina ez da erreza izaten. Nik nire kasuan ondo hasi eta bukatu nuela uste dut Leitzan, baina erdi parteko lanetan ez nuen behar adina asmatu. Orain beste pausu bat eman behar da eta datozen hamabost bertso horietan niretik ahalik eta gertuen sumatu nahi dut burua. Hilabete honetan psikologikoki ere bueltatxo bat eman diodala uste dut eta ilusioz noa”. Nolako tenplearekin aurre egin behar zaion edo “Leitzan adibidez izan genuen plazako sentsazioa eta ona da hori, baina txapelketan gaudela ahaztu gabe. Plazako senetik urrundu ez, baina konzentrazio maila, eskakizun maila horri eutsita. Hiru bertso dira aldiko eta horrek mugatzen zaitu” Finalari begiratzen ote dion... “hor dago eta nahi gabe ere pentsatzen duzu horretan. Baina txapelketan, Euskal Herrikoan batez ere, saio hauek ikaragarriak dira. Askotan hedabideek, jendeak... denek finalean jartzen dute atentzioa. Eta bertsolariok aldrebesko ariketa egin behar dugu. Ze saio hauek, eta Maulekoa hala da, berez dira saio apartak eta gozatu beharrekoak”.
"Finalera begiratu gabe Maulekoa bera da saio handia"
Etxahun Lekuek aurrekoan baino hobeto dagoela esan digu: “Tolosakoan baino trankilago nago. Nahi gabe ere aurrekoan pasatzeko presioa sentitzen nuen eta orain saioaren pisua eta ardura beste batzuk hartuko dute. Hala ere, beti daukazu presio hori gainean inguruak, txapelketak dakarren zurrumurru guzti horretatik libratzea zaila da”. Tarte honetan bereziki ez du ezer landu “betiko moduan astero juntatzen jarraitu dugu, betiko ariketak egin... Seiko motza da ariketa berria eta nik gustukoa dut. Badu doinu barietatean halako handicap bat ez daudelako asko eta erosoen denok ia berdinetan aritzen garelako, baina normalean bertsoaldi politak entzuten dira”. Ardura gehien bakarkakoak ematen dio “gaia entzun eta segundo batzuk dituzu nondik heldu erabakitzeko eta segundo horiek urrea dira. Beti kezka ematen dit besteenak entzuten ditut eta beti pentsatzen nik nola helduko... Doinua ere pentsatu dut aldatzea oraingoan. Ikusiko dugu”. Saio honetan jarri nahi du indarra “finalerako aukera gutxiago ditugunontzat hauek dira saio handiak. Gustatuko litzaidake beste saio bat izatea, baina inor ez dago salbu. Krudela da tarte hau ze aurrera pasatzeko baino gehiago sei dira kanpoan geratzen direnak, eta geratzen dena bere maila eman ez duelako izango da beraz zapore txarrarekin geratu eta beste aukera gabe. Baina hori da dagoena”.
"Beste saioak entzun eta urduritzen hasita nago"
Nerea Ibarzabal final laurdenetako saioa irabazita iristen da Maule-Lextarrekora “Zumaikoa urruti geratzen zaidan sentsazioa dut, baina hangoak asko balio izan zuen neure buruari bai esateko. Konfirmatzeko Euskal Herrikoan duin kantatzeko moduan nagoela”. Orain hurrengo urratsean zentratu behar. “Oraingoa saio handia da, izen handiak... eta berriro dudak datoz. Orain arte nahiko lasai egon naiz baina beste saioak entzun eta urduritzen hasita nago”. Aurrekoan erakutsitako freskotasuna eduki nahiko ote lukeen galdetuta, “bai baina batzuetan fresko ari nahi izate horrek azalekoan geratzea ere ekartzen du eta hor asmatu behar da. Ni nahi gabe ere alde positiboa ateratzen duenetarikoa naiz eta hortik tira nahi nuke ahalik eta orijinalena izan, umorea bilatu, baina bestelakoetatik ere egin behar da, beraz...” Saioa handia, edarra dala esan digu “lehen aldiz ari naiz bizitzen oholtzatik halako plazak. Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak... eta hori asko da niretzat. Horregatik behar bada jarri dut helburu moduan hurrengo saioa pasatzera. Asko gustatuko litzaidake beste saioan ere kantatzea, eta saiatuko naiz”.
"Fresko aritu nahi dut, erantzuten bertsoaldia osatzen..."
Gogoz beteta dago Beñat Iguaran: “Bertigo puntu bat ere bai beste saioak, dagoen maila ikusi eta...” Badaki hobetzen joan behar duela “aurrekoan puntu erantzunetan eta zortziko txikian ez nuen asmatu eta hor hobeto aritu nahi nuke eta noski ondo egindakoetan gutxienez aurreko mailari eutsi. Nire estiloan aritzea joango naiz, zerbait diferentea bilatzea, ironiarekin jokatzea, umorea topatu nahian... Beti ez da erraza hori egiten zeren gaiak, zure ondoan dagoen bertsokideak, hartutako bideak eta batez ere zuk zer egun duzun beti baldintzatzen du. Nire gogoa bertsotan egitea da, fresko aritu, erantzuten, bertsoaldia osatzen...” Asmatuz gero beti dago aukera aurrera egiteko “ni gustura joango nitzake hurrengo saiora, baina errealista izanda ez dago erreza. Derrigor ondo egin behar da dena”.
"Etxeko lanak ondo egin ditudala uste dut eta sentsazio onekin nago. Lanerako amorratzen"
Beñat Gaztelumendi duela lau urte finalean egonda orain sartzen da txapelketara. “Lehenengo aldia da zuzenean sartzen naizena eta horrek kezka ematen badu ere freskura pixka bat ere bai. Besteek duela hilabete t`erdi hasitako zurrunbilo barruan daude eta nik nire martxa eraman ahal izan dut. Etxeko lanak ondo egin ditudala uste dut eta sentsazio onekin nago lanerako amorratzen”. Kontziente da txapelketa beste mota bateko plaza dela: “Atmosfera, publikoa, desberdin egoten da. Kanpotik sortzen diren espektatibak... Txapelketak berak dena anplifikatu egiten du. Plazetako ohiko saioetan libreago ibili nahi izaten dugu, lizentziaren bat errazago hartzen dugu , buruari joaten utzi. Eta txapelketan dena da markatuago, neurria, kopurua, dena da lotuago eta tentuz ibili behar da errimarekin zuzentasunarekin esaten duzunak hartzen duen handitasunarekin. Neri gustatzen zaidan genero desberdin bat da. Honetan ere saiatzea atsegin dut”. Zer nola erakutsi nahi duen ere badaki: “Ahal den konkretuena, terrenalena aritu nahi dut, ikutzen eta gertatzen zaizkigunetan azpimarratu nahi det. Urrutiegi joan gabe ideien bila”. Baita bakarkakoetan ere “Plazan ez dugu beti bakarka egiten eta egindakoan beste arnas batean. Hemen istorioak osatzeko aukera dago. Horrek guretik kantatzeko bide gehiago ematen du. Arriskuak hartzen ditugu. Neri normalean ondo atera zaizkit. Aurtengoan gainera nahiz eta gai irekiak izan konkretuagoak iruditzen ari zaizkit”. Finalean egon beharreko presioa ez du sentitu nahi. “Badaukat bertara joateko gogoa noski, baina nahiz eta behin egondako presio izan ahal dudan, alderantziz ikusten dut: ni egonda nago han. Ez dut postua defendatu beharrik sentitzen. Gehiago daukat egiteko gogoa, ematekoa. Maulen seikote ederra gaude eta han aprobetxatu behar dugu aukera. Saioari zor diogu”.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24