Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-11-09
Lehen itzuliko azken finalaurrekoa izango da igandean Durangoko Landako gunean jokatuko dena. Laugarrena da eta honekin bertsolari guztiak, azken txapelduna Amets Arzallus izan ezik, lehian sartuak izango dira. Durangoko seikotetik bakarra da aurtengoan oraindik kantatu gabea: Aitor Mendiluze. Besteek bere bigarren saioa izango dute: Iñaki Apalategik, Oihana Iguaranek, Jon Maiak, Miren Amurizak eta Miren Artetxek. Azken saioa izateak puntuazioari dagozkion langak non dauden jakitea dakar. Baina bakoitzak bere buruari jartzen dio helburua eta egitekoa.
"Bertsotan egitera noa. Nere estiloan, bertsotan egin"
Aitor Mendiluze txapelketan sartzeko irrikaz dago: “Orain arte taldean bizitzen aritu naiz, entrenamenduak, saioak... eta badut gogoa hasteko. Nerea gainera onerako edo txarrerako ez da luzea izango”. Prestaketa batez ere taldean egin du eta egokitzapena ez du zaila ikusten: “Txapelketakoak ere nahiko saio arrunten antzekoak dira egin behar denaren aldetik, beraz ez da asko kostatzen horretan jartzea. Saioak ez dira hain arruntak izaten: jendetsuak, oihartzun gehiago... baino bestela. Nik prestaketa aldetik ez dut ezer berezirik egin taldean eta taldeari begira aritu naiz batez ere”. Txapelketa hau zertarako baliatu, zer utzi nahi duen ere oso sinple eta garbi dauka “bertsotan egin nahi dut. Oso eroso ari naiz azken urteotan eta horren jarraipena izatea nahi nuke. Mundua ez da eta ez zaigu konponduko honekin eta nik kontatu beharrekoa nire estiloan kontatu, ahal dela beste pausu bat eman ibilbidean eta bertsotan egin. Eta egin izanarekin sentsazioarekin geratu”. Azken lau finaletan egona da Aitor eta bosgarrenak ez dio kezka berezirik ekartzen. “Beti polita da finalean egotea baina ez dut behar bat bezala hartzen. Ilusioa daukat eta presio gehigarririk ez diot jarriko nire buruari. Ni egonda nago finaletan eta seguru asko orain bertara saltoa egiteko anbizioarekin datozenak izango dute presio gehiago. Desdramatizatu beharra dago. Besteren batek hartuko du gure tokia guk noizbait besteren bati hartu genion bezala. Nik finalari baino gehiago nik eskaini dezakedanari begira nago. Bakoitzak beretik eman behar duela uste dut, nireak baduela leku bat ere pentsatzen dut, eta zerbait hori eskaintzeko ilusioz noa”.
"Gero eta aitzakia gutxiago dago. Norberak egin behar du"
Iñaki Apalategik badaki aurrekoan non ez zuen asmatu: “Ni oso gustura nago aurrekoan egindako saioarekin eta antzekoa egitera joango naiz. Badakit kartzelako lanean eskapatu zitzaiala bertsoren bat. Baina bueno, ni normalean ondo ibiltzen naiz bakarkako horietan eta horrek lasaitzen nau. Orain denean asmatzea joan beharra dago”. Guztia ez da bertsolariaren esku egoten, eguna, gaiak, lagunak... “Gero eta aitzakia gutxiago dago dagoeneko norberak egin behar du eta nire buruari begiratuz gero aukera guztiak zabalik ikusten ditut. Kapaz naizela finaleko borrokan sartzeko baina kapaz diren asko bidean geratuko dira eta geratzen ari dira. Beraz ziurtasunak saioa bukatu eta gero”. Beste finalaurrekoetatik entzun du dezente eta “gauza oso onak ikusi ditut. Jendea oso ondo dago, baino oholtzan nik ere harritu izan dut neure burua eta horretara joan beharko da”. Bakarkakorako doinu berria ekarri zuen aurrekoan “deskartatu dut doinu hori berriro erabiltzea. Teknikoki zailtasun pixka bat zuen eta hori ez denez asko baloratzen ez zait iruditzen ezer aportatuko diodanik doinu horrekin. Beste berri bat ere badut prestatua eta akaso hori aterako dut”.
"Bibrazio onak ditut Durangon kantatzeko"
Miren Amurizak trankil dagoela dio. “Nire helburua hauxe zen, finalaurrekoetan kantatzea, eta hori lortuta, egin beharrekoa egindakoaren sentsazioz nago. Egia da orain begiratuta beste eskailera bat igotzeko aukera badagoela eta gogoz ekingo diot”. Aurreko saioa ondo atera zitzaion. “Hala ere, beti errepasatzen duzu bueltaren bat eman eta beti aurkitzen duzu zer findua, zer landua, errima aldetik... Nik orduan izan nuen konzentrazio maila izatea nahi nuke Durangon. Aspaldiko urteetan ez nintzen sentitu horrela eta horri eutsi nahi diot. Gero bertsotan egiterakoan, Zallan hurbildu nintzen nik egin nahi ditudan gauzak egitera eta bidea hori da”. Azken saioa, Durango... “Durangon izatea gustatzen zait bibrazio onak ematen dizkit. Azken saioa izan edo lehenengoa guk bertsotan ahalik eta ondoen egitera joan behar dugu. Ez naiz ni puntuazioa nola dagoen begira zalea. Gainera matematikoki jakingo bagenu zer egin behar dan halako puntu kopurua lortzeko... Egin behar dena, esandakoa: bertsotan, denetan, ahalik eta ondoen egin”.
"Behin hemen egonda, gehiago nahi izaten duzu"
Miren Artetxe Zumaian egindako saiotik dator, han saioari bere kolorea ematera joan zen eta lortu zuen neurri batean behintzat. “Ofiziotan oso gustura aritu nintzen eta asmatu ere egin nuela uste dut. Puntuak erantzutekoan txukun eta ez dut uste askoz gehiago egiteko kapaz naizenik ere, eta bakarkakoan bai, ez nintzen ondo aritu. Denbora gehiegi hartu nuen... eta gero bertsoa josterakoan gehiago asmatu behar dut”. Sailkapenari dagokionean bere helburua hemen egotea zen “asmoa finalaurretan kantatzekoa. Behin hemen egonda hartxoa sartzen zaizu eta gehiago nahi izaten duzu. Aurretik egindakoa eginda dago eta balorazioa –ona izango dena bai edo bai- bukatzean egingo dut. Orain aukera aprobetxatu eta pasatzea gustatuko litzaidake”. Pasatzeak esan nahi du hurrengo finalaurrekoan kantatu ahal izatea. Finala? “ez dut nire burua ikusten borroka horretan eta ez dakit joateko ametsik ere badudan... Saio ona egitea da helburua puntuak ikusita pasa edo ez saioaren arabera izango dela ikusten dut eta gogotsu noa”.
"Plazetan agertzen den Jon Maia nahi nuke azaldu"
Jon Maiak ilusio eta gogo berrituak ditu txapelketa honetan eta horrelaxe doa Durangora ere. “Hasierako ilusio bera daukat. Asko kosta zait hona iristea. Nik, aurtengo finaleraino hamar geltoki irudikatu nituen Gipuzkoako txapelketa hasieratik abiatuta eta hau zazpigarrena det. Orain saio on bat egitera joan nahi dut eta finalerako lehian egon”. Aurreko saioa, Tolosako, arraroa egin zitzaion: “Lehenengo saioko misterioa kendu eta beldurrak astinduta nago. Han egindako akatsak edo detektatutako hutsuneak lantzen eman dut gaur arteko tartean”. Saio hura kontrolpean zeraman sentsazioa zuen baino “pertzepzio ekibokatua zen. Seguru aritu nintzen bertsotan, ondo, baina erabaki txarrak hartu nituen zenbait ariketetan. Hor asmatuz gero aukera dezente dut gora egiteko”. Nolako saioa egin nahi lukeen ere argi du: “Plazetan agertzen den Jon Maia nahi nuke azaldu. Naturalitate batean kantatu eta horri erantsi orain egindako prestakuntza. Normalean baino hobeto heltzen gara saio hauetara. Entrenatzen gustura aritu naiz. Prozesuan zehar oso ondo pasatzen ari naiz, sentsazio politak ditut, lagunekin bildu, afari goxoak egin... eta horrek balio handia du”. Lehen bueltako azken saioa da Durango “gustatzen zait, giro berezia sortzen da azken saioetan – Tolosa ere hala zen – baina nik ez dakit puntuazioari begira kantatzen. Zein bertsokera egin behar da halako puntu kopurua lortzeko? Nik lehen esan bezala saio on bat egitera noa. Gainera pozten naiz Durangon kantatzeaz ze entrenatzen naizen lekua ere bada”.
"Zerotik hasten gara, lehen egindakoak ez du balio"
Oihana Iguaran lasai dago: “Somatzen da inguruan halako urduritasuna baina nik gure saioan zentratu nahi dut burua”. Final laurdenetan puntu gehien pilatuta pasa da fase honetara. “Oso garbi daukat orain zerotik hasten naizela, lehen egindako puntuek ez dutela balio. Oraingoan gainera begiak lehen finalista izandakotan jarriko dira eta hor bi izen daude. Horiek bere maila emango dute eta ea guk ere eusten diogun horri”. Aurreko saio guztietan egon da eta badaki nora nahi lukeen inguratu. “Irungo saioa lehertu egin zen eta bertatik bizi genuenontzat latza izan zen emandako maila ere halakoa izan zen eta. Eta baita Maulen eta Bastidan ere. Maila ona eman behar dela garbi dago. Baina nire aldetik nahiago dut ahal dudanean behintzat kolorea eman eta dena hain gris ez joatea, hain korrekto ez jokatzea beti”. Marrak ere dagoeneko jarrita daude azken saioa baita hau: “Behin honaino iritsita gora begira egon nahi dut. Kalera joateko adinako saioa ez diot opa publikoari. Ahal den altuena jo nahi nuke eta ikusi noraino iristeko gai garen”. Saioa bera ere oso atsegina zaio, “erritmo mota desberdinak, tonu diferenteak egongo direla uste dut. Bi Mirenekin askotan aritu naiz eta oso gustuko ditut, Apalategikin asko gozatu nuen Leitzan, Mendiluzeren erritmoa, Jon Maiaren tonua... Deseatzen nago jakiteko norekin tokatuko zaidan kantatzea”.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24