None 2017-11-16

Amurrion hasiko da azken txanpa

Amurrion hasiko da azken txanpa
Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina izango dira bertan, ohi bezala, 17:00etan hasita.

Amurrion hasiko da Txapelketa Nagusiko final aurrekoetako bigarren itzulia. Lehenengoa amaituta hemezortzi bertsolari daude eta horietako sei prest daude igande honetan kantuan hasteko, edo jarraitzeko hobeto esanda.

Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina izango dira bertan, ohi bezala, 17:00etan hasita.

Bigarren buelta honetan sailkapenari dagokionez bi gauza hartu behar dira kontutan. Lehengo, puntuak orain lortutakoari gehitu behar zaizkiola finalera iristeko bidean. Eta final horretara zazpi bertsolari pasako direla jokatuko diren hiru saioetatik.

Bukatu berri diren final aurrekoetatik zuzenean sailkatutako bi bertsolari daude Amurrion. Biak ere duela lau urte finalean egonak eta bietatik Sustrai Colina da puntu gehien pilatuta datorrena. Lehen final aurrekoan, Bastidan kantatu zuen Sustraik eta puntu kopuru dezente lortuta iritsiko da igandekora. Hala ere oraindik brillo gehiagoren bila joango dela aitortu zuen Bastidakoa eta gero. Han kartzelakoan jo zuen goia. Doinu berriarekin oso ondo jositako bertsoak ekarri zituen eta tenple horrekin heldu nahiko lioke hurrengoari. Bertso hobeak kantatzeko beste aukera izango zela zioen eta horren bila joango da.

Bere saioa irabazitako bigarrena Beñat Gaztelumendi da. Mauleko saioan erregular aritu zen. Ariketa eta lan guztietan utzi zuen zerbait, baina erabat ase gabe geratu zen. Dena ez erakustearen pena geratu omen zitzaion eta bigarren saiora hori egitera joango zela zioen. Horrekin batera finaleko postua borrokatuko du, izan ere une honetan seigarren postuan dago – beraz BECekoetan- eta horri eutsi nahiko dio.

Beñatekin batera Maulen kantatutako beste bi bertsolari daude igandekoan. Etxahun Lekue eta Nerea Ibarzabal. Bizkaiko txapelduna, Etxahun, ez zen behar bada ohiko duen mailan aritu bertan. Esaterako, finala laurdenetan, Tolosan irabazi zuen saioan,  hobeto aritu zen. Hamaseigarren postuan dago une honetan eta bere esanetan sailkapenari baino gehiago saioari berari begiratuko omen  dio. BECen egoteko aukera oso urruti ikusi izan omen du beti eta final aurreko saioetan disfrutatzera atera nahi izan du.  

Antzeko egoeran dago beste bizkaitarra. Ibarzabalek oso goian hasi zuen txapelketa, lehenengo saioan maila altua erakutsiz. Maulekoan gora-beheratsuago ibili bazen ere momentu askotan erakutsi zuen zertarako gai den. Beste aukerarik baldin bazuen gozatzera irten nahiko lukeela zioen aurreko saio ostean. Eta hori lortzen badu, postuetan atzeratxoago badago ere emango du zeresana.

Jon Maia oraindik finala borrokatzeko grinaz dago. Gogotsu eta gerra emateko moduan dagoela esan zuen bere saioaren, Durangokoaren, ostean. Une honetan finaletik bi postu beherago dago eta lehian ikusten da bera. Lehen ere finaletan egondakoa da – lau final eta hirugarren postua lortutakoa- eta txapelketa honen ibilbideari hasiera hasieratik ekin behar izan badio ere goraka doanaren sentsazioa du. Tolosako final laurdenetatik koska bat igo zuen Durangon eta han azken lanean, kartzelakoan, ahoz zapore onarekin geratuta bere aukerak borrokatzera joango da.

Eta seigarren bertsolaria Jon Martin, maila ona ematen ari da bere laugarren parte hartzean. Oso ofizio onak egin ditu, baina aldiko ariketaren baten beherakada izan du. Seguran saioa irabazi zuen nahiz eta kartzelakoan ez asmatu eta Bastidakoan lan ederrak utzi zituen. Egin nahi duen horretatik gertuago ibili zen gainera bigarrengoan eta helburua saio osoan maila hori ematea izan dezake. Puntuazioz ez dago finaletik urruti hamargarren postuan baitago. Berak zioen txapelketan lehen aldiz finalerako aukeraren batekin pasa nahi zuela hurrengo saiora eta oraingoan ere ezinezkoa izango zela. Baina hor dago. Finaletik saio bat eta puntu gutxitara.

Egin beharreko lanei begiratuta,  zortziko txikian puntutan aritu beharreko atala gehitu zaio puntuari erantzutearen ordez eta berriro hamarreko txikian arituko dira seiko motzeko ariketa zegoen lekuan. Amurrion, Bañueta kiroldegian, ariko dira beraz sei bertsolariok kantuan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri