Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-11-23

Erakargarritasun asko ditu Donibane Lohizuneko saioak

Erakargarritasun asko ditu Donibane Lohizuneko saioak
Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio ariko dira eta Fernando Anbustegi izango da saioa aurkezten. Jai Alaiean, 17:00etan. Bertsoa.eus-ek zuzenean emango du.

Bi saio,  finalaurreko, baino ez dira geratzen finalerako bidean. Eta Lapurdin, Donibane Lohizunen izango da igandez azken aurrekoa. Guztiak bezala arratsaldeko bostetan bertako Jai Alaiean.  Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio ariko dira eta Fernando Anbustegi izango da saioa aurkezten.  Bertsolari batzuk Txapelketa honetako azken aukera izango dute eta guztiek baliatu nahi dute. Beste aukera bat izateko edo dutena aprobetxatuz zapore goxoz aurtengoari agur esateko. 

Ni erdi konforme baina noski gehiago nahi / gaur ez dugu goia jo, baina hurrengoan bai! Horrela kantatu zuen Igor Elortzak bera azken agurra aurreko finalerdian, Bastidan. Saio ona egin zuen baina bere ustetan ez bete-betea. Txapelketako lehen saioa zuen eta kasuotan bertsolari gehienek bezala bazuen kezka nola sartuko zen lehiaren plaza honetan. Bere burua topatze lanean ordea askotan asmatu zuen durangarrak eta puntu mordoa bildu zituen BECerako bidean. Gehiago nahi ordea eta goiko puntak ukitu nahiko lituzke bide horretan, besteak beste hurrengo geltokira horrek eramango lukelako.

Finaletik gertu dagoen beste bertsolaria Maialen Lujanbio da. Finalaurretako puntuaziorik altuena jasota iritsiko da Donibane Lohizunera eta lehen saioko kezka uxatuta, eta berak zioen moduan hobeto aklimatatuta, asko eskaintzeko moduan izango da bere bigarren pausuan. Asko eskaini zuen lehenengoan eta zenbait bertsoaldi oraindik zaleen belarrietan bueltaka dabiltza. Plazako naturaltasuna eta txapelketako zukutzea uztartu zituen Irungo saioan eta horri jarraipena eman nahiko dio hernaniarrak. Ez dirudi arazorik behar lukeenik hurrengoan Barakaldokoan kantatzeko.

Erreferentzia moduan hartzen du jendeak Agin Laburuk duen puntu kopurua nortzuk sartuko ote diren kalkulatzerakoan. Berak jartze omen du langa. Baina egiari zor momentuz langa irekita du eta barruko aldean dago Agin. Lehenengo bueltan zazpigarren postuan, beraz finalekoetan, bukatu du. Hala ere, berak badaki langa irekita dagoen bitartean edonor sartu daitekela barrura eta bera kanpoan geratu. Lekua borrokatzekotan da eta horretarako bere armak erabiliko ditu: bizitasuna, umorea eta baita sakontasuna ere tokatzen denean. Berak dakien mailan bertsotan egiten badu saioak berak ere asko eskertuko du.

Saioko beste hirurak espero zena baino beherago daude puntuazioari dagokionean.  Iñaki Apalategik saio ederra egin zuen Leitzan final laurdenetan eta ez zion jarraipen zuzena eman hurrengo saioan. Asmatu ere egin zuen baina gora beheratsuago ibili zen. Dialektikarako duen gaitasuna, gaiari edozein lekuetatik txispak ateratzea, txapelketako zurruntasunari freskura ematea... izango du helburu. Behar bada presio gutxiago izango du, eta egin duen lana eta daukan maila azaldu nahiko du.

Bere maila baina apalagoa erakutsi zuen Maule-Lextarren Nafarroako txapeldunak, Julio Sotok. Kanpoko eragileen erruz edo, konzentrazioa galdu antzean ibili zen ordukoan eta horrek pixka bat aldendu du goiko postuetatik, finaleko borrokatik. Ez dago erabat baztertuta hala ere, ikusi baitugu Julio oso punta puntako saioak egiten, baita txapelketetan ere. Orain artekoetan asmatu duenean ondo asmatu du, bai ofizioetan bai bakarkakoetan. Guztietan asmatzera joango da ezbairik gabe.

Jone Uriak goraka egin du final laurdenetatik hurrengora. Saioan sartuago kantatu zuen Bastidakoan, eta lan ederrak utzi dizkigu bietan. Garbi dago berak gehiago nahiko duela eta beste askotan eman duen mailara oraindik ez dela iritsi. Ez behintzat saio osoan zehar. Aukera baldin badu dena ematera joango zela zioen azkenekoaren ostean. Sailkapenean bertsolari asko ditu aurretik eta horri begiratu gabe bere saioa borrokatzera joateak mesede egin diezaioke eta gorakako beste pausu bat eman.

Saio bikaina izateko osagai asko ditu azken aurrekoa izango den final aurreko honek. Guztietatik tamaina egokian jasotzen badugu gozatzeko modukoa izango da.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra