Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-11-30

Finalerako aukeren bila sei bertsolari Iruñean

Finalerako aukeren bila sei bertsolari Iruñean
Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Unai Agirre, Aitor Sarriegi, Miren Amuriza eta Oihana Iguaran arituko dira bertsotan. Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan. Bertsoak zuzenean emango du.

Iritsi da finala baino lehen egin beharreko bertso saioetatik azkena. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian sei bertsolari arituko dira larunbatean eta orduan, saioa amaitzean, jakingo da zein zazpi bertsolarik izango duten Barakaldoko finalean kantatzeko aukera. Bertsozale, hedabide... guztiok ari gara kalkuluak egiten, non dagoen langa, nork beharko dituen zenbat puntu... Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Unai Agirre, Aitor Sarriegi, Miren Amuriza eta Oihana Iguaran igoko dira oholtzara eta ez dakigu zenbateraino begiratu dieten zenbakiei baina ziur dakitena da bertsotan egin beharko dutela. Izan helburu, gogo, amets bat edo beste hortik etorri daitekeela ondorio moduan.

Finaleko helburua gertuen duena Aitor Mendiluze da. Puntu asko pilatu zuen aurrekoan. Bertsotan latz egin zuen, batez ere ofizioetako ariketetan eta ondorioz bigarren geratu zen behin behineko sailkapen horretan. Hala ere, Iruñean bertsotan egin beharko duela badaki. Berak aitortu zuen ez dela hara joango finalera pasatzera, bertsotan egitera baizik. Bere onena ematera aterako da plazak merezi duelako eta finalera segurtasun gehiagorekin pasatzeko.

Aurreko saioa oso ona egin zuen Aitor Sarriegik ere. Behar bada puntu erantzunetan ez zuen orduan asmatu – Irunen kantatu zuen- baina beste ariketa guztietan luzitzeaz gain umorea ekarri zuen gehienetan. Baita bakarkakoan ere. Pausu bat emana du BECerako bidean baina berak daki ondoen bigarrena ere eman egin behar dela. Txapelketa hasierako zalantzak uxatuta asko eskaintzeko duela erakutsi zuen eta berriro tenple hori aurkitzen badu azalduko da larunbatekoan.

Hurrengoek pausu bat baino gehixeago eman beharko dute, baina aukera dute horretarako. Miren Amurizak gertu izan dezake finala. Puntuazioari dagokionean aurrekoan izandakoen bueltan edo pixka bat gehixeagon ibili beharko du. Bertsotan ondo egin zuen orduan ariketa guztietan, nahiz eta berak sentsazio beteak ez izan. Lotu samar aritu zela aitortu zigun amaieran. Hala ere, bere helburua bete omen zuen eskailera bat gorago egitea. Orain beste malda bat igotzen saiatuko da eta horretarako txapelketan zehar erakusten ari den nortasuna eta esateko gogoa azaldu beharko du.

Unai Agirrek gustura ari dela azaldu izan du kantatu duen saioetan, baina beti gehixeago egin dezakeenaren sentsazioarekin geratu da. Gehixeago horren bila joango da Anaitasunan. Beti egiten du bertsotan, bere estiloa mantenduz arrastoa uzten du, eta utzi du aurreko saioetan. Behar bada saio konpletoa izango du nahian eta gogoan. Bere hitzetan, plaza bakoitzari eman nahi dio bere garrantzia, hor ere jarri nahiko du indarra.

Oihana Iguaranek ere ez du oso urruti finaleko atea. Final laurdenetan, Leitzan, ez bezala Durangokoan ez zuen ohiko brilloa erakutsi. Ahalegin handia egin behar izan zuela bertso bakoitzean azaldu zuen bukatutakoan. Borrokan aritu behar izan zuela aldiro: bide bila, elementuak aurkitzen... eta kosta egin zitzaiola. Badaki ordea erraz, fresko eta bizi egiten eta hori guztia transmititzen entzuleengana. Leitzan izandako sentsazioak berreskuratu nahiko ditu eta saioari eman berak eman ahal diona.

Alaia Martinek pausua ezezik saltoa eman beharko luke finalera iristekotan. Baina egin dezakeela askotan frogatu du, baita txapelketa honetan ere. Ez zuen komunikatzea lortu bere lehen finalaurrekoan. Gustura aritu omen zen, nahi zuen eran eginez bertsotan, baina ez iritsiaren sentsazioarekin bukatu zuen Irunen. Finala edo ez, bere ahalmena erakustera joango da Iruñera, aurrekoaren arantza atera eta ohituta gauzkan maila azaltzera.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri