Bertso Eguna 2018-01-18

Bertso Egun ibiltariak Mungian izango du lehenengo geltokia

Urtebeteko etenaren ondoren, formatu berriarekin itzuliko da Bertso Eguna. Hiriburuak atzean utzi eta herrialdez herrialde eta herriz herri bidaiatzeko bokazioz aldatu da itxuraz. Jone Uria Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak esan digunez, aurtengoan Mungian egiten den lanari ikusgarritasun bat ematea da asmoa. Urtarrilaren 27an izango da hitzordua, eta sarrerak eskuragarri daude.

 Itxuraldatuta iritsiko da aurtengo Bertso Eguna. Urtarrilaren 27an izango da hitzordua, Mungian, eta ziklo berriko lehendabiziko edizioa nobedade ugarirekin ospatuko da.

 Bertso Egun ibiltaria

Bertsozale Elkarteko Sustapen taldeko arduraduna da Jone Uria, eta buru-belarri aritu da Bertso Egunaren antolaketa lanetan. Bertsoa.eus-i azaldu dionez, helburu bat baino gehiago dauzka formatu aldaketak. Alde batetik, Bertsozale Elkartearen ezaugarri nagusietako bat lurraldetasuna izanik, garrantzitsua zen Bertso Eguna ere Gipuzkoatik ateratzea. Azkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusia lehenengoz zazpi herrialdeetara iritsi ondoren, Bertso Egunaren bokazioa ere Euskal Herrian zehar bidaiatzea izango da.

 47 edizio egin ditu Bertso Egunak Donostian. Jone Uriak azaldu digunez, hiriburuetatik ateratzea ere bazen helburua, bertso mugimendua herri txikiagoetan ere indartsu baitago. Aurtengoan Mungiara joatea erabaki du talde antolatzaileak.

 Bertso-eskola osasuntsu daukan herria

 Mungia aukeratzeko bi motibo nagusi aipatu dizkigu Jone Uriak. Alde batetik, hiriburua izan ez arren azpiegitura egokiak dauzkan herria da. Bertso-eskola indartsu dago gaur egun, eta bertso-saio eta ekimen ugari antolatzen ditu. Horrez gain, Mungiako Udalaren jarrera ere positiboa izan da. Beraz, herrian egiten den lana ikustaraztea ere hartu du helburutzat Bertso Egunak.

 Letragintza eta bertso jarriak ardatz

 Mungiak beste ezaugarri bat ere badu: urtero-urtero, tradizio handiko bertsopaper lehiaketa bat antolatzen du Taket Bertso-Eskolak: San Antontxu bertsopaper lehiaketa. Hortik abiatuta, aurtengoan gai bat izango du Bertso Egunak: letragintza.

 Egitaraua

 Honako hau izango da urtarrilaren 27ko egitaraua

 -12:00etan: Mahai-ingurua Torrebillela eraikinean. Alaia Martinek gidatuta, musikarien eta bertsolarien arteko harremanaz ariko dira Rafa Rueda eta Maria Rivero musikariak eta Jon Maia bertsolaria
 -Ondoren, poteoa egingo da tabernaz taberna, Mikel Barandiaranek eta Julene Otegik girotuta. Bertso jarrien hautaketa bat abestuko da
 -14:00etan: Bazkaritarako topagunea plazan. Bertso-bazkariak egingo diren hiru elkarteetara joango dira handik:
      -Ehiza eta Arrantza Elkartean Julio Soto eta Onintza Enbeita
      -Anaitasuna Elkartean Sustrai Colina eta Miren Amuriza
      -Guri Zer Elkartean Igor Elortza eta Jone Uria
 -19:00etan: Olalde aretoan jaialdia
   Amets Arzallus
   Manex Agirre
   Sebastian Lizaso
   Oihana Bartra
   Unai Iturriaga
    Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo
    Artista Gonbidatuak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria eta Jon Martin bertsolaria, besteak beste
 
 Sarrerak salgai

 Eguerdiko bazkaritarako txartelak eta arratsaldeko jaialdirako sarrerak oraindik eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri