Laugarren edizioa 2018-01-23

Nafarroako Bardoak kantuan hastera doaz

Laugarren edizio honetan 16 talde eta 113 parte hartzaile ariko dira. Helduen bertso eskolak dauden gune guztiek hartu dute parte. Otsailaren 2an Beran abiatu eta martxoaren 24an bukatuko da, Lekunberrin.

Nafarroako Bardoak eztarriak berotze hasi dira otsailaren 2an kantari hasteko. Laugarren edizioa izango da eta orain arteko eutsiko diote, formulak ondo funtzionatu duelako. Aldaketa nagusia finalean egongo da: frontoitik sagardotegira aldatu dute, finalaren ere inguru bilduagoa emate aldera. Bertsozale Elkarteko eta parte hartzaileek hitzak jaso ditu Bertsoak, larunbatean egindako aurkezpenean.

16 talde kantuan eta 23 saio
Bardoetako laugarren edizioak 16 talde eta 113 parte hartzaile izango ditu, eta horietatik 74, bertsolariak. Beteranoak gazteekin nahasiko dira, eta ibilbide luzekoak hasi berriekin aterako dira plazara. Denera, 23 saio izango dira. Kopuruak bezain bat kontuan hartzeko datua da helduen bertso eskolak daude eremu guztiek hartu dutela parte ekimenean. Nafarroako Bertsozale Elkartearen hitzetan, datuok "Bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira bertso-eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du Bardoak 2018 egitasmoak. Horren bidetik etorriko dira fruitu berriak ere."

Hamasei talde parte hartzaileak bost multzotan egongo dira banatuta. Hala, talde bakoitzak bere multzoko bi talderekin egingo ditu saioak, bat “etxean” eta bestea “kanpoan”. Bigarren fasera multzo bakoitzeko talde bana eta F multzoko bi talde pasako dira, guztira sei talde. Bigarren fasean joan-etorriko saioak antolatuko dituzte taldeek, eta hiru sailkatuko dira finalera. Finala salbu, saioak elkarte girokoak izango dira, hurbilak, gozoak eta berritzaileak. Kasu gehienetan, gainera, saio horiek otorduekin osatuko dira.

2012an abian jarritako ekimena
Nafarroako Bardoak 2012an jarri ziren martxan, herrialdeko bertso-eskolen sarea indartu asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune berriak barneratuz eta molde parte-hartzaileak praktikan jarriz.  Hiru edizio arrakastatsuren ostean, laugarrenez jokatuko da aurten taldekako txapelketa. Otsailaren 2an abiatuko da Beran, eta martxoaren 24an bukatu, Lekunberriko Toki Alai Sagardotegian egingo den finalarekin. Finala, lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri