Liburu eta CD batean 2018-02-23

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia lan batean bilduta

14 saioetako kronikak, 700 bertsotik gora eta adituen analisiak dakartza argitalpenak. Jada eskuragarri dago Lanku Kultur Zerbitzuen webgunean eta Bertsozale Elkartearen egoitzan.

 Abenduaren 17an bukatu zen 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Barakaldoko BEC aretoan jokatu zen finalarekin. Aurretik jokatutako beste 13 saioetan txapelketan parte hartu zuten 43 bertsolarien ehunka bertsorekin gozatu ahal izan zuten bertsozaleek. Eta horien bilduma jasotzen duen argitalpena argitaratu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak.

 700 bertsotik gora

 Argitalpen bikoitza da honako hau, liburua eta CDa baitakartza. Liburuak Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsoaldi onenen bilduma du oinarr. Denera 700 bertso baino gehiago daude irakurgai, txapelketako 14 saioetatik jasota. Horrez gain, saioetako kronikak ere jaso ditu 492 orrialdeko liburuak.

 Adituen analisiak

 Eta saioetan jasotakoari begirada sakonagoz begiratu dioten adituen analisiak osatu du liburua. Lan horretan jardun dira, besteak beste, Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea, Xabier Sukia bertsolari eta irrati-esataria, Ane Labaka bertsolari eta ikerlaria, Ainhoa Agirreazaldegi eta Manex Agirre bertsolariak; Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Arantxa Urretabizkaia idazleak eta Josu Goikoetxea gai-jartzailea. Eta txapelketako doinuen azterketa eta doinu berrien partiturak ere badakartza liburuak.

 200 bertsotik gora entzungai

 Baina irakurtzeko soilik ez, bertsoak entzuteko aukera ere eskaintzen du argitalpenak, 200 bertsotik gora biltzen dituen CDa ere argitaratu baita liburuarekin batera.

 Lanku Kultur Zerbitzuan eta Bertsozale Elkartean eskuragarri

 Argitalpena eskuragarri dago Lanku Kultur Zerbitzuen atarian eta Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabonan duen egoitzan. Bazkideek 25 eurotan eskuratu ahal izango dute lana, eta bazkide ez direnek 30 eurotan.

 

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza