Bertsoa eta Zientzia 2018-05-15
Badira urte batzuk bertsoak eta zientziak oholtza bera konpartitzen dutela. Jakinduriek mundue erreko dau izenburupean Bilbon egin zen lehen saioa, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak bultzatuta, batez ere zientziaren dibulgazioari ate berriak irekitzeko asmoz. Esperimentuak erantzun ona izan zuen eta beste zenbait herritan errepikatu zen. Bide horri jarraipena ematera dator orain Bertsozientzia zikloa. Hiru saio izango dira: gaur Zarautzen, ostegunean Bergaran eta maiatzaren 25ean Ordizian. Saio bakoitzak bi bertsolari eta hiru zientzilari bilduko ditu, Anjel Alkain aktore eta umoristak gidatuta.
Egitaraua
Gaur, Zarautzen, 19.30ean, Antoniano aretoan bilduko dira Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi bertsolariak, eta Ainara Sangroniz, Felix Zubia eta Josu Lopez Gazpio. Ostegunarekin Bergarara egingo du jauzi ekimenak. 19.00etatik aurrera, Seminarixoan bilduko dira Andoni Egaña eta Miren Amuriza bertsolariak eta Ainara Sangroniz, Jon Mattin Matxain eta Gorka Azkune zientzialariak. Maiatzaren 25ean Ordiziako Herri Antzokian izango dira Unai Iturriaga eta Alaia Martin bertsolariak eta Gorka Azkune, Olatz Perez de Viñaspre eta Aitor Gastañares ikerlariak.
Oraingoan bultzatzaile gehiago ditu ekimenak: DIPC Donostia International Physics Center, EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, ZarautzOn elkartea, Bergarako Laboratorium museoa, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoia eta Bergarako, Ordiziako eta Zarauzko udalak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24