Altsasun jokatu da finala 2009-06-20

Amaia Iturrioz urretxuarra eta Ortzi Murua azkaindarra Eskolarteko txapeldun berriak

Amaia Iturrioz urretxuarra eta Ortzi Murua azkaindarra Eskolarteko txapeldun berriak
Amaia Iturrioz urretxuarrak irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko txapelketa eta Ane Labaka lasartearra gelditu da bigarren. Txikitan, Ortzi Murua txapeldun eta Mikel Iturrioz (Amaiaren arreba), bigarren. Bertsoa.com-ek zuzenean eman du ekitaldia.
Amaia Iturrioz urretxuarrak irabazi Euskal Herriko Eskolarteko txapelketa eta Ane Labaka lasartearra gelditu da bigarren. Txikitan, Ortzi Murua txapeldun eta Mikel Iturrioz (Amaiaren arreba) bigarren. Altsasun jokatu da XXIgarren Eskolarteko finala Burunda pilotaleku, 150 entzuleren aurrean. Finalean zazpi herrialdeetako 27 bertsolari aritu dira kantuan. Nabarmentzekoa da lehen aldiz xuberotar bat aritu dela helduen mailan, Gillen Negeloua.

Goizean txikien txanda
Fernando Anbustegik ongietorria eman ondoren bertaratuei, lehenbiziko zazpiek honako gaia emanda osatu behar izan zuten lehen agurra: “Gaur Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak zaudete oholtza gainean”. Aipagarria izan zen 7 lehiakideek oso azkar erantzun ziotela gaiari, baita Ortzi Muruaren azken hau: “Zazpi herrialdeak ordezkatuaz etorri gara horrela / ta zoritxarrez batek bakarrik eramango du txapela.” Bigarren zazpikoteari gai hau jarri zioten: “Gogoan al duzu noiz bota zenuen zure lehen bertsoa?”. Talde hau motelago aritu bazen ere, Maddi Sarasuak honela erantzun zion gaiari: “Lehen saioa egin nuena hau izan zen Ustaritzen / ea gaurkoa hangoa baino hobeki den ateratzen”. Lau oinak emanda, berriro ere, azpimarratzekoa izan zen erantzunen arintasuna. Haritz Mujikak goitik behera ekarri zuen bertso dotorea: “Duela gutxi joan zen gure aitona zaharra / nahiz ta jende askok bi izan nik daukat bakarra / eta dudarik gabe dut bere beharra / ze gertu egon ohi diren poza ta negarra.” Azkenik ofizioka jarduteko unea heldu zitzaien 14 umeei. Eñaut Saldunbide eta Allande Etxeberri baxenafarrak erietxean elkartu ziren, Allandek beso batean kolpea hartu eta Eñaut erizainak igeltsua bestean jarriz. Eñautek honela justifikatu zuen hutsa: “Igeltsua leku txarrian ez dut espres egin / zeren eskuin ta ezker enetzat da berdin”.

Ofizioak amaituta, epaimahaiaren erabakiz, bigarren atalera bertsolari hauek pasatu ziren: Mikel Iturriotz eta Haritz Mujika gipuzkoarrak, Ortzi Murua eta Maddi Sarasua lapurtarrak, Beñat Mendia bizkaitarra eta Eñaut Saldunbide baxenafarra. Atal honetan bertsolariek hitza emanda bertso bat osatu behar izan zuten lehenbizi. Hitzaren eroale zen papera hartu eta hamar segundora Ortzi Muruak ale eder hau eskaini zuen: “Akzioak nola sortuak ziren
eskolan dut ikasia / eta sistema jadanik zaigu azkar erortzen hasia / baina berriro ordainduko du langilegoak guzia / ta azkenean aberats dena azkartzeko da krisia”. Azkenik, zortziko nagusiko ofiziotan jardun zuten sei umeek. Mikelek eta Haritzek beren herriko jaietarako koheteak lortzeko ardura hartu zuten, baina azken unean ibaira erorita, honela desenkusatu zen Mikel: “Baina lasaitu zaitea eta utzi nazazu bakean / zin iten dizut lortuko ditut hauek hurrengo urtean”. Partaideen agurrak entzun eta lehen bien izenak iragarri ondoren, saioa ordu batean amaitu zen.

Arratsaldean, motelago eta seguruago
Zelandi pilotalekuan bazkari handi bat izan ondoren, arratsaldeko saioa 15.30ean hasi zen, agindu bezala. 15-18 urte bitartekoek agurretatik azaldu zuten bertso landuak egiteko asmoz zetozela Altsasura. Ezohiko doinu ugari entzun ondoren, saio puntuagarriari hasiera eman zion Fernando Anbustegik. Lehen ofizioan Amaia Iturriotz urretxuarra eta Bixente Hirigarai baigorritarra alaba beraren gurasoen paperean jarri zituen. Alabari parrandarako baimena emanda, guraso kezkatuaren pentsamenduetan bete-betean sartu zen Urretxukoa: “Mundu honetan egoera hauek ez baleude askoz hobeto / guk tortura hau jasan beharra berak ondo pasatzeko”. Xabi Igoak, Saioa Alkaizak eta Gillen Negelouak ere saio polita osatu zuten gai honekin: “Zuek hiru langile zarete. Gaur zuen lantokian greba deitua zegoen, baina lanera joatea erabaki duzue. Lantegira sartu eta zuek baino ez zaretela lanera joan ohartu zarete.”
Saioak honela amaitu zuen lehen bertsoa: “Baina krisia gainditzekotan lan honen beharra dut nik / eguneroko ogia ez baita sekula erortzen zerutik”. Zortziko txikian Mattin Luku bizi-bizi ibili zen Maiana Irigoyenekin: “Zuek biak paraxutaz hegazkin batetik salto egiteko izena eman duzue. Unea heldu denean, zu Mattin prest zaude, baina ematen du Maiana ez dagoela prest”. Mattinek honela osatu zuen bertsoaldia: “Nahi nuke Maiana baina puxa ezin / ausartu behar duzu ekin eta ekin / ez zitela inketa ondoan da Mattin / jauzi eginen dugu
biek elkarrekin”.

Bigarren fasera sei bertsolari hauek igaro ziren: Amaia Iturriotz eta Ane Labaka gipuzkoarrak, Peio Ormazabal bizkaitarra, Mattin Luku baxenafarra, Maiana Irigoyen lapurtarra eta Saioa Alkaiza nafarra. Bertsolari guztiek puntu bati erantzun eta gai bati bi bertso kantatu behar izan zizkieten. Hau zen gaia: “Zu itsua izan zara bizi osoan. Zientziaren aurrerapenak tarteko ikusteko ahalmena berreskuratu duzu. Une honetan kendu dizkizute estalkiak begietatik”. Lanik dotoreenak Amaia Iturriotzek, Ane Labakak eta Saioa Alkaizak egin zituzten. Amaiak honela amaitu zuen lehen bertsoa: “joe, amatxo barrutik bezain polita zera kanpotik!”. Ane Labakak ideia sakon hau erabili zuen azkenik: “Jadanik ez naiz itsua eta hau da kriston albistea / nahiz ta batzutan hobe izaten den begiak berriz ixtea”. Saioa Alkaizak hauxe bota zuen: “Begiak malkoz bete egin zaizkit mundua hola ikusita / nire ametsik ederrenetan ez baitzen horren polita”.

Saio puntuagarria amaitu eta azken agurren ostean, Fernando Anbustegik Juanjo Respaldizari deitu zion sari banaketari ekiteko. Sari banaketa bera espero baino hiru ordu laurden beranduago hasi zen, moteltasunaren seinale. Respaldizak partaide eta erakunde babesleen ordezkariak oholtzara deitu eta guztiak bertaratzean, lehenbizi 15-18 urte bitarteko txapelduna eta txapeldunordea iragarri zituen: Amaia Iturriotz eta Ane Labaka.

Esan beharra dago partaide guztiek, Altsasun jasotako oroigarriez gain, sari berezi bat jasoko dutela: txikiek egun bateko ibilaldi bat egingo dute elkarrekin; gazteek, aldiz, astebeteko irteera bat izango dute sari.

Sari banaketan erakunde hauek parte hartu zuten: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Altsasuko udala, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Nafarroa Bertsozale Elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea eta Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartea. Horienaz gain, txapelketak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntza izan du.


Hauek izan ziren partaide guztiak:

       
Txikien maila: 14 urte artekoak

-    Beñat Olano (Gasteiz, 11 urte)
-    Peru Abarrategi (Aramaio, 11 urte )
-    Beñat Mendia (Zeanuri, 14 urte)
-    Olatz Ipiña (Arrigorriaga, 14 urte)
-    Mikel Iturriotz (Urretxu, 14 urte)
-    Haritz Mujika (Asteasu, 13 urte )
-    Ortzi Murua (Azkaine, 14 urte)
-    Maddi Sarasua (Itsasu, 14 urte)
-    Idoia Saez (Iruñea, 13 urte)
-    Mikel Lasarte (Barañain. 13 urte)
-    Eñaut Saldunbide (Anhauze, 14 urte)
-    Allande Etxeberri (Lasa, 14 urte)
-    Johaiñe Sarraillet (Lakarri, 12 urte)
-    Ibai Capot Tornary (Zalgize, 12 urte)

   
Handien maila: 15 - 18 urte bitartekoak

-    Xabi Igoa (Aramaio, 17 urte)
-    Ander Solozabal (Gasteiz, 17 urte)
-    Peio Ormazabal (Arrigorriaga, 16 urte)
-    Txaber Ormazabal (Arrigorriaga, 14 urte)
-    Amaia Iturriotz (Urretxu, 16 urte)
-    Ane Labaka (Lasarte, 16 urte)
-    Saioa Alkaiza (Iruñea, 18 urte)
-    Josu Sanjurjo (Lesaka, 15 urte)
-    Maddiane Txoperena (Hendaia, 15 urte)
-    Maiana Irigoyen (Baiona, 17 urte)
-    Mattin Luku (Donibane Garazi, 17 urte)
-    Bixente Hirigarai (Baigorri, 17 urte)
-    Gillen Negeloua (Urdiñarbe, 16 urte)

Epaimahaia honako adituek osatu zuten:

Ekaitz Elorriaga (Araba)
Mirari Azula (Bizkaia)
Bakarne Urreaga (Gipuzkoa)
Eneko Bidegain (Lapurdi)
Xan Alkat (Nafarroa Beherea)
Gaizka Sarasola (Nafarroa)
Idazkaria: Amaia Agirre.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri