Eskolartekoa, Saran 2018-06-09

Gorka Pagonabarragak jantzi du hogeita hamargarrena

Gorka Pagonabarragak jantzi du hogeita hamargarrena
Aner Peritz izan da txapeldunorde Sarako trinketean egin den saioan. Festak jarraipena izango du orain bazkariarekin eta Saran'ga txarangarekin; izan ere, 30 urte behar bezala ospatu behar dira.

Gorka Pagonabarraga da Euskal Herriko XXX. Eskolarteko txapelduna. Mikel Mendizabalek jantzi dio txapela irabazleari, gaur Saran jokatu den finaleko bigarren zatian Aner Peritz txapeldunordearekin eta Aitor Ugarte, Elixabet Etxandi, Irati Alcantarilla eta Oihana Arana bertsokideekin kantuan aritu eta gero.

Hamaikak jota hasi da saioa. Bertsoen aterpe bila, mukuru bete da Sarako trinketea, ekialdetik mendebaldera, hegotik iparrera, egitasmoa gauzatzen duten lurralde guztietako bertsolari eta bertsozaleak bilduz. 13 bertsolari aritu dira kantuan: Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Haitz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002), Julen Etxeberri Etxart (Zaro, 2001), Hodei Renteria Maleta (Angelu 2000), Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000), Ekiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001). Julene Etxeberrik egin ditu gai-jartzaile lanak eta Ainhoa Sarasuaren kontura aurkezletza.

Binaka – eta kasuren batean hirukotea osatuta – zortziko handi eta txikiko ariketei ekin diote. Horietan puntuazio handiena lortu dutenak sailkatu dira bigarren zatirako: Aitor Ugarte, Aner Peritz, Elixabet Etxandi, Gorka Pagonabarraga, Irati Alcantarilla eta Oihana Arana. Banaka aritu dira sailkatutako sei bertsolariak, lehen puntua emanda hasieran eta gaia emanda gero, zortziko txikian eta bost puntuko neurrian hurrenez hurren.

Mendizabal, 30 urteotako bidelagun

Urteurren biribila izan du aurtengoa Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Eskolartekoak: hogeita hamar urte bete ditu. 1989. urtean jokatu zen lehen aldiz Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan Euskal Herri osoa hartu zuen lehenengoa, Ikastolen Elkartearen eskutik. Eta horretan zeresan handia izan duen Mikel Mendizabalek jantzi dio txapela lehenari. 1982tik bertsolaritza ikastetxeetan lantzen eta urte luzez Eskolartekoaren antolaketa lanetan aritu da Mendizabal; atari honetan bertan topatuko duzu harekin izandako solasaldia.

Saran elkartutako bertsozaleek oraindik izango dute urteurrena nola ospatu. 14:00etan bazkaria eskainiko da Lur-Berri gelan eta jarraian Saran’ga txaranga ariko da. Bertsoaldien hautaketa www.bertsoa.eus atarian izango duzue astelehenean bertan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri