Transmisioa bertsolaritzan 2018-07-03

Ikastetxeetan 26.300 ikaslek landu dute bertsolaritza

Urte bukaerako jaialdiek borobildu dute urteko ikastetxeetako lana. Euskal herriko 507 ikastetxek hartu dute parte. Materialgintzan lanketa handia egin da azken bi urteotan.

Hezkuntza Arautuan bertsolaritza lantzeko proiektua kurtso bukaerako jaialdiarekin borobiltzen dute. Bertsozale Elkarteren eskutik 507 ikastetxetan lantzen da proiektua eta kurtso amaierako jaialdiak ikastetxeetan zein herriko antzokietan egiten dira, non herriko ikastetxe guztiek elkarrekin hartzen duten parte.

Hernanikoa aurten
Testigantza gisa, aurtengoan Hernaniko ikastetxeetako jaialdiak jaso ditu Bertsoak aurten, esperientzia horren lekuko gisa. Hernanin ikastetxe guztiek hartzen dute parte, bost denera, eta talde guztiek eskaini zuten bere emanaldia, publikoaren txalo beroa jasoaz. Datozen urteetan beste herrietako esperientziak ere bilduko ditu sareko plazak.

32 urteko esperientzia
Urte luzeetako esperientzia dauka Bertsozale Elkarteak ikastetxeetako proiektuan, 32  urtekoa hain zuzen. Nafarroa hasi zen proiektuarekin, Bizkaiak jarraitu zion, eta ikastetxeen eta udalen eskariz, proiektua hedatzen joan da urtez urte, eta egun, Euskal Herriko herrialde guztietan lantzen da Bertsolaritza ikastetxeetan, eskola orduetan.

Bertsolaritzaren Curriculuma oinarri
Proiektuaren oinarrian Bertsolaritzaren Curriculuma dago. Eskolak emateko ‘Mundu bat bertso’ ikasmaterial berria sortu du Bertsozale Elkarteak azken bi ikasturteotan. Gelaz gela bertsolaritza irakasten duten Elkarteko irakasle lantaldeek sortutako materiala da. Sekuentzia didaktikoak, gaztetxoei zuzendutako bertso sortak, jolasak, teknikari buruzko azalpenak… biltzen ditu.

Liburuko ilustrazioak Mirari Sagarzazuk eginak dira, eta Unai Iturriagaren eta Patxi Gallegoren komikiak ere badakartza. Diseinua eta argitalpena Lankuk egin du.

Sorta musikatuak eta doinutegia
Gainera, bertso sortak musikatu egin dira Oskar Estangaren laguntzarekin, eta pantaila baliatuz abesteko egokitu dira. Doinutegia ere badakar ikasmaterialak, baita plazatako bat-bateko bertsoaldi hautatuen bideoak ere. Datozen ikasturteetan, materiala sortzen jarraitzeaz gain, webgune espezializatu bat sortzeko pausoa emango da, ikasgeletako arbel digitalei zuku gehiago ateratzeko helburuarekin.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri