"Bertsolaritza Genero Ikuspegitik" jardunaldiak 2018-07-05
Umorea genero ikuspegitik aztertzen ari da Ane Labaka azken urteotan. UEUk antolatutako "Bertsolaritza Genero Ikuspegitik" jardunaldietan emandako hitzaldia ikerketa horretatik abiatu zuen.
Umorea, generoa eta boterea
Ikerketaren hasieran, umore sistema eta genero sistema boterearekin lotu eta bertsolaritzaren sisteman nola funtzionatzen duten azaldu zuen. Hala, oinarri teorikoa azaldu eta egin dituen elkarrizketetatik ateratako testigantzekin zilegiztatu zuen marko teorikoa. Eta testigantza horiei esker ondorio nabarmen bat atera zuen Iruñeko Katakraken emandako hitzaldian: umore mota bat baino gehiago dago.
Umoreak
Botereari lotuta, beraz, umorea norabide batean baino gehiagotan egin daitekeela azaldu zuen. Egin daitekeela umore hegemonikoa, goitik beherakoa. Egin daitekeela behetik gorako umorea ere. Eta, hirugarrenik, bere iritziz bertsolaritzan azken urteotan lekua egiten ari den beste umore mota bat: parez pareko harremanean egiten dena. Alegia, bertsolari batek bere buruari buruz umorea egin eta publikoan dagoen norbaitek, identifikazioz eta enpatiaz bertsolariaren lekuan dagoela sentitua, barre egitea.
Umorea Bertsolari Txapelketa Nagusian
Urteetan bertsolaritzan goitik beherako umore hegemonikoak bere lekua izan badu ere, azkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusian beste norabide batzuetako umoreak ere ikusi ditu. "Txapelketa erdigunearen erdigunea bada eta hegemonia zilegiztatzen den markoa hori baldin bada, nire ustez azkeneko txapelketan egon da saiakera bat bazterreko umore horiek edo bazterreko bertsokera subertsibo horiek erdigunera ekartzeko".
Ezezkotik transgresiora
Umoreak genero-sistema bera ere zalantzan jarri dezake. Ane Labakaren iritziz, bi aukera daude horretarako. Alde batetik, ezezkoari lotuta, erresistentzia bat egin daiteke: "Bertsolari bezala, umoreari lotutako gai baten aurrean badakizu gai-jartzaileak zer nahi duen eta publikoak zer entzun nahi duen, zerk funtzionatuko lukeen umore bezala. Adibidez, neska gazte bat ari baldin bada adin bateko gizon batekin sexu konnotazioak dauzkan gai baten inguruan. Hor zuk badakizu berez zerk funtzionatuko lukeen. Beste gauza bat da zuk umoreari heltzea erabakitzen duzunean ez zarela joku horretan sartuko".
Baina beste pausu bat emanez, aukera ikusten du ezezkotik transgresiora igarotzeko ere. "Ez diot publikoari soilik adieraziko hau ez dela nik egin nahi nuen umore mota, beste umore bat egingo dut".
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24