Igandero ETB1en 2018-09-22

Hitzetik Hortzera, talde berria betiko ilusioarekin

Irailaren 30ean itzuliko da pantaila txikira telebistan bertsolaritzaren plaza den saioa. Lan-taldean aldaketa batzuk izango ditue besteak beste; gidoilariak eta aurkezlea. Bertsozale Elkarteko Eneritz Urkola, Txakur Gorria sormen taldeko Ane Labaka eta aurkezle lanak egingo dituen Eider Perez-ekin hitz egin dugu.

Duela 30 urte hala zen eta aurten ere bertsolarien plazaz plazako jarduna ezagutaraztea izango da programaren helburua. Bertsozale Elkarteko, Eneritz Urkolak azpimarratu duenez jardun horren zabalpenerako elkarteak telebistan duen bide garrantzitsuena da Hitzetik Hortzera.  Bertsolaritza  osatzen duten elementu ezberdinak erakusteko lanean programa bakoitzean ekosistema hori irudituko da mapa batean, collage bidez. Irailaren 30ean eskeiniko da lehen atala eta hortik aurrera, igandero 15:00etan izango dute bertsozaleek zita Euskal Telebistako lehen katean.

Gidoilari-talde berria

Duela urte batzuk lagun talde batek sortu zuen sormen kolektiboa da Txakur Gorria. Ane Labaka, Nerea Ibarzabal, Mariñe Arbeo eta Malen Amenabarrek osatzen dute eta beraiena izango da programa berria hitzez josi eta irudiz apaintzea. Labaka eta Ibarzabal arduratuko dira gidoiak idazteaz eta Amenabar eta Arbeo ilustrazioez. Bertsolaritza ondo ezagutzeak ematen duen segurtasuna eta sortzaile izatea bat eginda igandero programa on bat osatzea izango da laukotearen erronka. "Geroz eta anitzagoa den bertsolaritzaren ekosistema hori ahalik eta ondoen ikusaraztea izango da helburua" esan digu Labakak.

Eider Perez, kolore eta forma berria

Pasai-Trintxerpen jaio da Eider Perez, Hitzetik Hortzeraren denboraldi berriko aurkezlea. Bertsozalea, literaturzalea eta antzerkizalea. "Bertso munduan duela urte batzuk sartu nintzen eta ilusio handia eragiten dit programaren parte izateko aukerak" dio Perezek.

Hitzetik Hortzerak 30 urte

Aurten beteko dira 30 urte Hitzetik Hortzera programaren lehen saioa emititu zenetik. Urkolak nabarmendu du asko dagoela ospatzeko; " Urteurren honek bertsolaritza bizirik dagoela bermatzen du eta hori gabe ez zen posible izango telebista saioa egitea". Urkolaren hitzetan Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean egiten duten lana ezinbestekoa da.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri