Elkarrizketa - Agin Laburu 2018-11-15

"Errima estuak asko eman dit baina konturatu naiz orain kendu ere egiten didala"

Agin Laburuk (Astigarraga, 1985) jolas gisa izan zuen bertsoarekin lehen harremana eta jolas horri eusten dio: "Jostailua asko garatu da eta jolaskideak aldatu, baina jolas horrek erakartzen nau oraindik".

Jolas horretatik datorkiola uste du errima estuarekiko zaletasun hori. "Ez dut behin ere zerrendarik egin, belarriz egin izan ditut". Denbora pasata, ordea, konturatzen da asko eman dion errima joko horrek orain kendu ere egiten diola, edukiari nahi bezala heltzeko garaian. Borroka horretan ari omen da orain, bere esentziari eutsi nahi eta alde berean errima zurruntasunetik askatu nahian, formulazio aukera zabalago baten mesedetan.

Plazan gustura
Plazan bertsotan gustura dabil Agin, neguan bolada ez oso gozoa pasa duela aitortuta. Libreko saioetan gozatu ohi du gehien, baina, jaialdietan asmatzen denean ere ederra dela dio. Libreko saioen ibilera, ordea, neke handikoa dela ere aipatzen du.

"Jolasa eta kontundentzia"
Hitz horiekin definitzen du Laburuk bertsotan egiten saiatzen dena, estilo aldetik. Jolas puntua orokorrean eta ukitzen duten gaietan edo sakonago jorratu nahi duen eremuan kontundentzia.

Txapelketako bideaz pozik
Txapelketan orain arte egin duen bideaz pozik dago Agin Laburu. Orain arte goranzko bidea egin dut eta horrek konfidantza ematen dit. Azken Txapelketa Nagusian presioak gain hartu ziola aitortu du eta dio ikasteko asko balio izan diola.

Generoan, batera goaz
Genero berdintasunaren gaian Laburuk dio denok batera goazela, abiadura desberdinetan. Kezka sortzen dio azkarrago doazenek mantsoago doazenak etiketatzeak.

Bersoa aisialdi eta arnasgune
Horrela bizi du Agin Laburuk bertsolaritza, eta gerora ere hor ikusten du bere burua.

 

Albiste gehiago

Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21

«Bertso Eguna Lesakan egitea aitortza moduko bat izan da guretzat»