None 2018-11-22

Gazteen mailako irabazlea: Desorekan. Julene Iturbe.

GAZTEEN MAILA – LEHEN SARIA

Izenburua: Desorekan
Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska
Egilea: Julene Iturbe


1.
Zilborra heste, hesteak zilbor,
oskolak bigun, azala gogor,
nahiz eta nahi ez, islada orok
beti egia ohi du zor…
ispilua ez beste guztia
ispilu bat bezain hauskor,
baina egia ote, hor,
aurpegi zurbil horren atzean
ez dela ageri inor?


2.
Begipea beltz, begiak laino,
neure begitan neu horren ñaño,
ohartzerako nola demontre
heldu ote naiz honaino?
Zalantza nigan errotua da
pipi bilakatzeraino
ta irentsia nauka, ño,
azal azpian jada ez baita
gelditzen zuloa baino.


3.
“Hori da gerri-buelta mardula!”,
“Onbeharrez da, hau ez da burla!”,
“Zuk ez al duzu ikusten, ala,
orratz bat dirudizula?”…
Besteren gidoiz zail da egiten
norbere den pelikula
ta pentsatu dut sekula
hitzon pisuak desorekatzen
duela nire baskula.


4.
Egonezinak, antsiak jota,
tripazorriak hor ate-joka,
“Dieta biharko utzi beharko,
gaur beharrean nago ta”.
Behin egindako hori ezin da,
ordea, atzera bota
ta hortxe nire porrota,
galdu ondoren egiten baitut
irabazteko borroka.


5.
Hatzen presio, damu ta presa
eztarrian gora janak sorpresa,
“Kontzientziak, gaurkoagatik
bada, ontzat eman beza”…
Nahiz salbuespen bihurtzen ari
den salbuespenik eza,
“Bihar bai!” nire promesa,
itxaropenak promes faltsutan
aurkitu nahi du babesa.


6.
Eta beste behin ezin aseta,
berriz goseak, berriz beteta,
promesak utzi ta damututa
berriz komunera buelta,
kaloriatan baino kilotan
neurtzen da nire dieta,
ezinezko zait oreka,
azukrez husten naizen heinean
lotsaz betetzen naiz eta.


7.
Jardunak jardun ta famak fama,
segurtasuna urak darama,
pisutsuegi gerta daiteke
azal ta hezurren zama…
ispiluari begira lotsa,
higuina da daridana,
hortan laburtzen da dana:
nola maiteko dute besteek
nik neuk maite ez dudana

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri