Igandero ETB1en 2019-04-05
Jon Lopategi Lauzirika, erreferentea
Duela 85 urte Muxikako Aldori baserrian jaio zen Jon Lopategi Lauzirika. Oso gaztetatik gerturatu zen bertsogintzara eta euskalgintzara. Tolosako Sakramentinoetan ikasi zuen gazte garaian, eta han ere euskaldun abertzale inguratu zen. Herriko Santa Kurtzeko jaietan egin zuen bertsotan lehen aldiz jendaurrean, eta pixkanaka bertsolari legez ezagun egiten hasi zen. Ariatzan sortu zen Garriko bertso-eskola entretenimendurako lehenengotarikoa, bertako kide zen Jon Lopategi.
Frankismo garaian, bertsogintza soziala
Frankismo garaian Jon Lopategik, askotan Jon Azpillaga lagun zuela txoko guztietara zabaldu zituen mezu politikoak bertsogintza soziala eginez. Igandeko programara Azpillaga eta Lopategiri duela urte batzuk egindako elkarrizketa zati bat ekarriko dugu.
Garaiko bertsoaldiak ikusteko aukera ere izango dugu baita 70. hamarkadan Alemaniako telebista batek egindako grabazioa bat ere. Bertan kantuan agertzen dira besteak beste Jon Lopategi eta Jon Enbeita.
Tradizioa garai berrietara egokitzen
Jon Lopategi 60. hamarkadan kantuan ibili zen baita Bizkaiko Bertsolari Txapelketak irabazi ere 1962tik 1966ra. Euskal Herrikoan hirugarren sailkatu zen 1967an. Ondoren bertsolaritzan berrikuntzak eman ziren eta bertso modu berrietara egokitzeko hautua egin zuen Lopategik. 1982 eta 1986an hirugarren postua lortu zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. 1989an txapela jaztea lortu zuen.
Orduko Jon Lopategi ondo ezagutzen duten bi bertsolari eta lagunekin elkartuko gara Muxikan; Xabier Amuriza eta Jon Enbeitarekin. Enbeita Lopategirekin elkartzen zen Garriko bertso-eskolan eta orduko oroitzapenak kontatuko dizkigu. Bertsolaria jaio egiten dela esan ohi zen garaietan hauek ikasi ere egin zuten….nola hartu ote zuen hori inguruak?
Amurizak eta Lopategik plaza askotan jardun izan zuten elkarrekin kantari, nolako bertsolaria ote zen Jon Lopategi? 1982an buruz-burukoan ere batera kantatu zuten Amuriza eta Lopategik.
Lopategi kantuan ikusiko dugu 1986ko txapelketan, 1989. urtean, txapela jantzita osatu zuen txapeldunaren agurra, 1983an Iruñeko plazan eta baita 1982ko txapelketan bakarka bukaera emanda. Jon Enbeita eta Xabier Amurizarekin ere entzungo dugu Lopategi Oñatin 1990ean eta Andoainen 1983an.
Belaunaldiz-belaunaldi transmisioan lanean
Bertso eskolan ibiltzetik, bertso eskolak ematera igaro zen Lopategi, Bizkaiko Ikastolen Elkartetik. Baina bere lana ez zen klaseetara mugatzen. Gazteak herri batetik bestera eramaten zituen kantura, eta asteburu-pasak ere antolatu zituen beraientzat. Horietako zenbait, Kanpantxun, Gernika-Lumon. Igandeko programan bertara joango gara eta han bere ikasle izandako zenbaitekin elkartuko gara. Iratxe Ibarrak eta Onintza Enbeitak orduko oroitzapenak kontatuko dizkigute. Zer gorde ote dute haren bertsogintzatik?
Igandeko programa amaitzeko bere ikasle izandakoek prestatu dioten omenaldi berezi bat ekarriko dugu pantailara.
Igande bazkalostean ETB1en
Hori dena igandean arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak internetez ere izango dute aukera, EITBren Nahieran orrian.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24