Batzar nagusia 2019-04-09

2019. urteari begira Bertsozale Elkarteko Batzar Nagusian

Joan den larunbatean egin zen Batzar Nagusia Berrizen. Iazko eta aurtengo urteari begiratzeaz gain, gogoeta estrategikotik ateratako ondorioak aurkeztu ziren.

Bertsozale Elkarteko 60 bazkide inguru elkartu ziren Berrizko kultur etxe zaharrean. 2018ari errepasoa eman eta 2019rako proposamenak aurkeztea zen bileraren xede nagusia.

Diru kontuak itxi ostean, Herrialdeetako Bertsozale Elkarteetako lehendakariek, Lanku Kultur Zerbitzuek eta Euskal Herriko Elkarteko saileko ordezkariek aurtengorako beraien egitasmoen berri eman zuten. Nabarmentzekoen artean daude Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bertso eskolentzat baliabide didaktikoak eskuragarri jarriko dituen bertsoeskolak.eus ataria edota bertsolaritzari lotutako gradu amaierako lanak saritzeko laster abiatuko den deialdia.

Gero(r)a mugitzen, 2018-2030

2018an Bertsozale Elkartearen gogoeta estrategikoa egin da hainbat fasetan, eta oraindik elkartearen egiturari dagokion azken atala falta den arren, orain arteko bidearen emaitza biltzen duen dokumentu bat aurkeztu zen Batzar Nagusian: Gero(r)a mugitzen, 2018-2030. Dokumentuaren ondorioetako batzuk aurkeztu zituzten elkarteko zuzendaritzako kide diren Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok eta Miren Artetxek.

Igor Elortzak azaldu bezala, "Elkartearen oinarriak berretsi, berritu eta berridatzi" egin ditu gogoeta estrategikoak, eta bertsolaritza geroratzea da mugimenduaren helburua. Miren Artetxek eragin eremuez eta jardun esparruez hitz egin zuen; Bertsozale Elkartearen jarduerak, euskalgintzan bai, baina, batez ere, kulturgintzan kokatu beharko lukeela ondorioztatu da, eta kulturgintzari dagokion diskurtso bat garatzearen eta lankidetza posibleen garrantzia azpimarratu zuen.

Maialen Lujanbiok Elkartearen zehar-lerroak eta jarduteko moduak izan zituen mintzagai, eta horien artean daude feminismoa, belaunaldiartekotasuna eta lurraldeartekotasuna. Elkarteak bertsolaritza bere osotasunean parekide izan dadin eragiteko ardura duela berretsi zen, eta elkarteak eredu izan behar duela berdintasun politiketan.

Laster helaraziko zaie honen inguruko informazioa batzarrean izan ez ziren bazkideei.

 

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa