Imanol Lazkano - Elkarrizketa 2019-05-16
Imanol Lazkano (Azpeitia, 1936) oraindik bertsoari estuki lotuta bizi da. Urte luzez plazan bertsotan ibili ostean, 2011ko abenduaren 23an egin zuen bertsolari azpeitiarrak azkenengo plaza, bere herrian bertan. 1987tik 2005era bitartean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izandakoa da.
Bertsotara gaztetxotan biziatu, eta ezin utzi
Aitonak bertso zahar asko kantatzeko ohitura omen zuen, eta harengandik sortu zitzaion Imanoli bertsotarako grina. Nahiz eta umetatik bertsotarako zaletasuna izan eta asko landu, ezkutuan eraman behar izan zuen bertsoarekiko zeukan maitasuna, garai hartan fama txarra baitzeukan bertsolariaren figurak. Hamabost urterekin egin zuen lehenengoz bertsotan herriko Santa Luzia jaietan.
Ordutik hiru mila saio inguru egin ditu Lazkanok 56 urteko ibilbidean. Plazak errespetu handia sortarazi izan dio beti, eta otordu bueltako saioetan sentitu izan da erosoen. Tartean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalista izan zen 1962 eta 1964an, eta Txapelketa Nagusikoa 1982an eta 1989an.
Gaur egun plazaz plazako jarduna eta EHBE-an zituen karguak albo batera utzita, bertsoa egosten den leku guztietan egoten saiatzen da; txapelketa, batzar eta bestelakoetan presente jarraitzen du Imanol Lazkanok. "Ibiltzeko gai naizen bitartean ez dut utziko, gozatu egiten dut mundu honetan", dio.
Miretsi dituenak
Norbere bertsokera propioa osatzeko, bertsolari bakoitzak gustuko duen estiloa lantzen duela dio Lazkanok. Aitortu du Xalbadorren sakontasuna, Uztapideren gauzak esateko era, Agirreren zorroztasuna eta Lizasoren bertsotarako erritmoa gustatu eta landu dituela berak.
Bertso-idatziak, txikitako pasioa
Amona (1994), Ezkontzera doan dama bati (1977) eta Uso baten gozo-gaziak (1986) dira, besteak beste, Imanol Lazkanoren bertso-jarri ezagunetariko batzuk. Txikitatik gustatu izan zaio bertsoak jartzea. Elkarrizketan kontatu digu nola sortu zituen Uso Baten gozo-gaziak sortako bertsoak. "Paperera pasatu aurretik 100 aldiz kantatzen ditut bertsoak nire erara, hobetu ezin direla uste dudan arte".
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24