bertsolamintza 2019-05-28

Belaunaldi gazteak, izaera propioaren bila

'Bertsolari gazteek zer berri?' izeneko mahai inguruan parte hartu dute Ane Zuazubiskarrek, Jokin Bergarak, Joanes Illarregik eta Maider Arregik Bilboko Bira Kultur Gunean. Ateratako ideien lagin labur bat entzungai dago.

Bertsolamintza jardunaldien Bilboko geldialdian belaunaldi gazteek hartu zuten hitza. Maiatzaren 22an Bertsolari gazteek zer berri? galderari erantzun zieten Jokin Bergarak, Joanes Illarregik eta Maider Arregik, Ane Zuazubiskar gidari zela. Bira Kultur Gunean bildutako ideien laburpen bat egingo dute Villabonako azken jardunaldian Eli Pagolak eta Asier Galarzak.

Gazteek dituzten kezkak azaltzeko eta horien analisi bat egiteko helburua zuen mahai inguruak, Eli Pagolaren hitzetan. "Nik uste dut atera direla klabe batzuk: noiz sartzen garen plazan, zeintzuk diren sarbideak...". Belaunaldi berriek ekarri ohi duten hausturaz ere hitz egin nahi izan zuten. "Badugu irudipena gure gaiaotan ez dela ematen hainbesterako hausturarik", azaldu du Asier Galarzak. "Agian ez da nahitaez haustura bat egon behar, baizik eta guri interesatzen zaizkigun gaien inguruko debate bat", dio. 

Zerk egiten gaitu belaunaldi?

Gazteen belaunaldiak badu "talde izaera bat" Ane Zuazubiskarren iritziz. Elkarrekin hitz egiteko eta kezkak elkarbanatzeko joera badela sumatzen du, eta beste belaunaldiekiko harremana ere "oso modu naturalean" ematen dela. "Bertsozale Elkartea egituratuta eta finkatuta egoteak ematen digu aukera gaur ere horrelako gauzei buruz hitz egiteko". 

Baina agian dena finkatuta aurkitu izana ere bada muga bat. "Gure belaunaldiari falta zaio autosorkuntzarako gaitasuna", dio Jokin Bergarak. "Erasmusen belaunaldia" deitu izan zaie, teknologia berriena, Euskal Herriaren bestelako egoera bat ezagutu duten lehenengoak ere badira. "Kezkatzen gaituzten eguneroko gauza horiek agian ez daukate tokirik proposamen artistiko baten bidez kantatzeko", kontatu du. Horregatik iruditzen zaie beharrezkoa belaunaldi honen identitatea sortzeko elementuak aurkitzea. 

Lehia, plazarako bide bakarra

Gazteen plazarako sarbideak txapelketen eta sariketen uztaitik pasata iristen dira. "Eskolartekoetan eta sariketetan goian dabiltzanek lortzen dute beraien izena zabaldu dadin, baina hortik igarotzen ez denarentzat ez da erraza", dio Joanes Illarregik. Lehia hori muga bilakatzen dela iruditzen zaio. 

"Sortu beharko lirateke beste plaza mota batzuk, non ez den hainbeste teknika baloratzen, baizik edukia, edo esateko modua...", proposatu du Maider Arregik. Komunikatiboki eta Elkarte mailan plaza horiei bultzada bat emanda, beste bide bat zabaldu daitekeela uste du, lehiatik aldenduta. 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri