Elkarrizketa 2019-06-26
Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987) umetan liluratu zuen bertsolaritzak, eta oraindik irauten dio hitz neurtuekiko miresmenak. Ibilbide luzea darama plazetan zein txapelketetan, eta azken urteetan ikasitakoak eta sentitutakoak azaldu ditu. "Bertsoaren bidez jendea, lekuak eta nire burua ezagutzen jarraitu nahi dut". Gaur egun Bertsozale Elkarteko Lehendakaritzako kide ere bada.
Gaixoaldi batentzat sendagaia
Aitaren bertsozaletasunak eragin zuzena izan zuen berarengan eta bere anaia Unairengan. Bertso eskoletara igaro aurretik, etxea izan zen beraien plaza eta eskola. Zortzi urterekin Beñatek gaixoaldi luze bat izan zuen; etxeko edo ospitaleko egonaldi horiek arindu zizkion bertsoak, walkmanetik entzuten baitzituen orduko txapelketetako kaseteak.
Gerora iritsi ziren eskolarteko txapelketak "inkoszientziatik" eta oso "bertso eskolatik" bizi izan zituela kontatu du. Hernaniko bertso eskolan zebiltzan garai hartan, adinkideekin, eta gustuko zuen bertsoa bizitzeko modu hori. "Garai hartan bazen halako lehia bat bertso eskolen artean. Zentzu horretan inbidia ematen dit gaur egun eskolartekoan dagoen giroak".
Iritsi nahia, indar bihurtua
Plazetan gustura dabil orain, baina aitortu du askotan presioak jan izan duela. "Asko kosta zait bertsolaria naizela esatea", dio. "Askotan zure burua ez duzu sentitzen 'beste horiek' adinakoa. Sentsazioa beti da: ari naiz, baina ez naiz iristen iritsi nahi dudan lekura". Baina sentimendu hori indargune ere bilakatu daiteke. "Hori da aurrera egiteko daukazun tresna". Zentzu honetan, garrantzitsua iruditzen zaio bertsogintzako kideen arteko sareak eskaini dezakeen babesa.
Botere harremanei begira
Ikerketa soziologikoen emaitzei buruz ere aritu da, tartean generoaren gaiaz. Gizon eta bertsolari bezala apelatuta sentitzen dela aitortu du, eta hori sentitu du Kontrako eztarritik liburua irakurtzerakoan ere. "Botere harremanei buruz hitz egiteko garaia da, zuzenean eragiten diotelako bertsolari bezala sortzen dugun horri".
Aldaketa baten lekuko
"Bertsolaritza aniztu egin da publikoz, saio motaz, formatuz… aukera daukagu momentu honetan bertsokera propioak garatzeko eta oraindik gune gehiagotara iristeko", azaldu du. Une interesgarria iruditzen zaio sorkuntzarako. "Aldi berean, kezka bezala ere bizi dut gero eta gutxiago elkartzen garela 'plaza' deitzen zaion horretan. Gune ezberdinak konpartitzen dituzten gune handiagoak sortzea tokatzen zaigula iruditzen zait".
Beste hainbat gairen artean, txapelketez ere aritu da, 2007ko Gipuzkoakoaren mugarri hartaz, eta Euskal Herriko bi finaletako gorputzaldiez. Datorren Gipuzkoako Txapelketak "ilusio momentu batean" harrapatzen duela esan du.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-23
Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-16
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06