argitalpenak 2019-06-28

'Female Improvisational Poets' argitalpena kaleratu da

'Female Improvisational Poets' argitalpena kaleratu da
Argazkia: Gorka Rubio / Foku (Berria)
Renoko Euskal Ikasketen Zentroak iaz antolatutako jardunaldien ondorio da liburua. Mintzola Ahozko Lantegitik bideratuta, Jone Miren Hernandez, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran izan ziren parte hartzen, besteak beste.

2018an Elkon (AEB) egin zen Cowboy Poetry Gathering delako jaialdiaren baitan, The Role of Women in Basque and American Oral Poetry jardunaldiak antolatu zituen Renon kokatuta dagoen Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak (Center for Basque Studies). Mintzola Ahozko Lantegiak antolaketa lanetan lagundu zuen eta beste erakunde zenbaiten babesa lortu ez ezik, Euskal Kultur Erakundea kasu, Mintzolak bideratuta hartu zuten parte jardunaldietan Jone Miren Hernandez, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ikertzaile eta bertsolariek.

Jardunaldietan AEBn jatorria duen country erako poesia eta bertsolaritza izan zituzten hizpide, beti ere emakumearen presentzia aintzat hartuta. Bertso saioak nahiz hitzaldi akademikoak antolatu zituzten, eta arrakasta handia izan zuen kongresuak, eta horren erakusle da 900 pertsona joan izana ekitaldi nagusira. Jardunaldiok mintzagai, Female Improvisational Poets. Challenges and Achievements in the Twentieth Century liburua atera du aipatu Euskal Ikasketen Zentroak, eta aste honetan aurkeztu dute Xabier Irujo Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak, Iñaki Arrieta hango Euskal Liburutegiko zuzendariak eta jardunaldietan eta, honenbestez, liburuan parte hartutako Maialen Lujanbio bertsolariak.

Bi motatako artikuluak biltzen ditu liburuak: batetik, bertsolaritzak izandako ibilbidearen analisi antropologikoa egin dute artikulu banatan Jone Miren Hernandez, Joseba Zulaika eta Larraitz Ariznabarreta ikerlariek. Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe bertsolariek, berriz, bertsolaritzaren barrutik, beren bizipenetan oinarrituta, egin dute analisia. Halaber, cowboy poesiaren azterketa egin dute Caroline Dufurrenak eta Amy Halek. 

Bertso eskolen inguruko argitalpena

Datorren urtean beste argitalpen bat ateratzeko asmoa du Euskal IkasketenZentroak. Bertso eskolen ingurukoa izango da, eta Mintzolak lagundu du artikulu horien egileak bideratzen: Harkaitz Zubiri, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Xabier Amuriza izango dira, besteak beste, parte hartuko dutenak.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa