Argitalpenak 2019-08-27

'Bertsolari' aldizkariaren udako alea, feminismoari eskainia

'Bertsolari' aldizkariaren udako alea, feminismoari eskainia
Bertso munduko emakumeei buruzko ale monografikoa argitaratu dute, hainbat eduki mota dituena: elkarrizketak, mahai inguruan bildutako iritziak, artikuluak, bertsoak, ilustrazioak...

Bertsolaritza "udaberri berri bat" bizitzen ari dela kontatzera dator uda honetako Bertsolari aldizkaria: bertsolari emakumeen lanari eta ahotsei eskaini zaie ale osoa, bai iraganekoei, baita gaur egungoei ere.

Tartean daude Maider Iturbe antropologo eta Bilgune Feministako militantearen hitzak, baita Onintza Enbeitaren edota Kristina Mardarasen bizipenak ere. Aurrez aurreko elkarrizketa sakonak ere badira: Maialen Lujanbiori Eider Rodriguezek egindakoa batetik, eta Ane Labakari Iraitz Mateok egindakoa bestetik, azken hau Labakak ikergai izan duen umorearen ingurukoa; Aroa Arrizubietak bertsoak jarri dizkio gai honi.

Emakume bertsolariek bizi dituzten konplexutasunez eta bertsolaritza garaikideaz hitz egiteko, Miren Amurizak hiru lagun bildu ditu mahai inguruan: Oihana Iguaran bertsolari eta ikerlaria, Jone Miren Hernandez antropologoa eta Iratxe Retolaza literatur kritikaria.

2005ekoa osatzen

Duela 14 urte, Bertsolari aldizkariak "40ko txikia" izenburupean, bertsolaritzaren historiaren inguruko ale bat kaleratu zuen. Baina orduko hartan emakumeen presentzia oso urria zela jabetuta, ale honetan argazkia osatzen saiatu dira. Txakur Gorria sormen kolektiboaren eskutik dakarte bertsolaritzaren historia berridatzia 40ko txikian, emakumeen ikuspegitik osatua eta ilustratua.

Horrez gain, "Kontrako eztarritik" liburuak Sustrai Colinari eta Estitxu Fernandezi eragin dizkien gogoetak ere jaso ditu aldizkariak, azken honenak bertso eran; Antxoka Agirrek bere doktorego tesia egin ahala aurkitu dituen historiako kontu ezezagunak ere idatzi ditu.

Ale hau eskuratu nahi duenak Elkar dendetara jo dezake, edo harpidetu eta etxean jaso. 

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza