ahalduntze bertso eskola 2019-09-26
2013ko eta 2014ko Emakume Bertsolarien Topaketetan hausnartutakoen ondorioa da Ahalduntze Bertso Eskola, dagoeneko lau ikasturteko ziklo oso bat bete duen proiektua, eta bosgarrenaren atarian dagoena. "Etengabe esperimentatzen eta ikasten ari gara", azaldu du Ixiar Eizagirrek, Bertsozale Elkarteko eragileak. Emakumeek bertsotan egiteko konfiantzazko espazio bat sortzea izan da egiteko nagusia, eta "konfiantza hori lantzeko moduari" jarri zaio arreta berezia, Eizagirreren esanetan. "Oinarrian jarri dugu ez epaitzea, irekita egotea eta konfiantza ematea".
Ahalduntze Bertso Eskola emakume guztiei irekia dago, "bat-batean trebatu nahi duen edonor etor daiteke". Orain arte Ainhoa Aranburuk eta Arkaitz Goikoetxeak prestatu dituzte gaiak -aurten Maite Berriozabal eta Amaia Agirre sartuko dira-, eta bertsoaldi bakoitzaren ondotik bertsolariek saioa komentatzeko aukera daukate. "Zer gertatu zaion galdetzerakoan, bertsolaria barne mundura joaten da; dialektikatik pasa gara beste plano batzuetara", dio Eizagirrek.
Bestelako emaitzen bila doazen gaiak
Ainhoa Aranbururen iritziz, "gai jartzaileentzat probaleku bat da Ahalduntze Bertso Eskola". Benetako publikorik ez egotea interesgarria iruditzen zaio, horrela garrantzia ez delako emaitzarengan jartzen, baizik eta gaiak bertsolariari eragingo dion hausnarketan. "Plazan askotan egitera ausartuko ez ginatekeen gauzak egiten ditugu", dio.
"Ez da tematika jakin bat lantzen, denetik lantzen saiatzen gara". Gai jartzaileek indar berezia egiten dute bertsolariari emango zaion pertsonaia eta testuingurua lantzen. Aranbururen hitzetan, "bestelako emakumeak aspalditik lantzen dira bertsotan, baina badira bestelako emakumeen gaineko bestelako emakumeak ere, eta iruditzen zaigu hor saiatu garela".
Gaien formulazioari ere arreta berezia jartzen diote. "Gai jartzaileak espazio gehiago hartzen du, zerbaiten bila goazelako". Esperientzia "oso aberasgarria" da, bere ustez, prozesu guztia beste gai jartzaile batekin elkarlanean egitea.
Kode berriak sortzen
Amaia Iturriotz eta Maider Arregi Ahalduntze Bertso Eskolako bi kide dira, eta bakoitza bere ibilbide propioak eraman zuen arren bertan izena ematera, bat datoz espazio honen garrantziari dagokionean. "Bertsotan bizirauteko" inportantea dela uste du Arregik, eta ados dago Iturriotz: "Bertso munduan beste modu batera egoten laguntzen dit niri".
Gai jartzaileen lanaz eta azaleratzen diren elkarrizketez gain, kide denak emakumeak izatea iruditzen zaie beste klabeetako bat. "Bertso eskola mixtoetan gizonen onarpenaren bila kantatzen dugunaren irudipena daukat", dio Arregik, "eta hemen iruditzen zait ez dagoela gizonei gustatu behar hori, eta denok baloratzen dugula elkar". "Puskatu egiten dira beste leku batzuetatik oso barneratuta dakartzagun gauzak: zertan garen onak eta zertan ez...", dio Iturriotzek. Umorea egiteko gaitasuna aipatzen dute biek puntu honetan.
Kodeak guztiz aldatzen dira Ahalduntze Bertso Eskolan, eta bi kideen ustez, hori plazan ere ikusten da gero, ez bakarrik Ez Da Kasualitatea formatuko saioetan, baita bestelakoetan ere. "Beharbada bertso eskola honetan baloratu diren zure ezaugarriak plazan egiten ausartuko zara", azaldu du Iturriotzek.
Plazak emakumeei ezartzen dien "ordezkagarritasun" etiketak elkarren arteko lehia elikatu izan duela uste du Arregik, "baina Ahalduntzen gabiltzanetik sentitzen dut hori deuseztatu egin dugula, lagunago egin garela". Problematika hauei buruz hitz egitearen garrantzia azpimarratu du Iturriotzek: "Hemen denari buelta ematen zaio, eta hori oso indartsua da".
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24