Kultura unibertsitatean 2019-10-07
Ahozko kultur sorkuntzarekin ondo pasatzeko saioak antolatu dituzte Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren laguntzarekin batera: Ahostegunak.
Saioak ostegunez izango dira, 16:00etatik 19:00etara, UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan, Donostian. Urriaren 31n egingo da lehena eta, jarraian, ostegunero egingo dira saioak azaroaren 28an azkenengoa egiten den arte.
Antzerkiarekin, kantagintzarekin eta literaturarekin batera, bertsolaritza izango da tartean. Egun bakoitzeko, kultur sorkuntza bat landuko da eta diziplina horretan aritu eta aditu den lagun batek edo batzuek hartuko du(te) parte. Azken egunean, lau diziplinak aintzat hartuko dituen mahai-ingurua egingo da, eta han elkartuko dira aurrez egun bakoitzean egon diren gonbidatu guztiak. Bertsolaritzaren eguna azaroaren 14an izango da, eta Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio bertsolariekin solasean aritzeko aukera egongo da.
UPV/EHUko Gipuzkoako campusean egingo denez, eta, honenbestez, unibertsitateko ikasleek eskurago izango duten arren, ateak irekita dituzte interesa duten gainerako 18 eta 22 urte bitarteko gazteek ere. Sarrera doakoa da, baina aurrez izena eman beharko da www.mintzola.eus webgunean; urriaren 7tik 21era bitarte eman ahal izango da izena. Behin izena emanda, saio guztietara joateko konpromisoa eskatzen da, taldearen dinamikari eusteko.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24