argitalpenak 2019-10-24

"Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen" argitaratu da

Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolari eta ikertzaileen koordinaziopean, UEUk liburu berria kaleratu du; Iaz Iruñean egin zen "Bertsolaritza genero-ikuspegitik" udako ikastaroa du abiapuntu, eta gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea da helburua. Eskuragarri dago helbide honetan: www.ueu.eus/denda

Astearte honetan aurkeztu dute Koldo Mitxelenako Areto Nagusian "Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen" liburua. Miren Artetxek eta Ane Labakak azaldu dutenez, dagoeneko egin diren eta egiten ari diren zenbait ikerketa eta hausnarketari lekua egin diote bertan, eta etorkizuneko gogoetetarako abiapuntuak ere proposatzen ditu liburuak. 

2018ko ekainean Iruñean antolatu zen UEUren udako ikastaroa izan da lan honen sorburua, baina liburuaren koordinatzaileek azaldu duten gisara, bertso-munduan perspektiba feministaz hitz egitea ez da kontu berria. "Ordura arte modu sakabanatu samarrean gauzatutako ikerketa eta eztabaida haiei oinarri komun moduko bat ezartzea izan zen helburua. Ikastaroa guztiz mamitsua eta aberasgarria izan zen, eta bertan egon ginenok mugarri moduan ere bizi izan genuen. Gerora, han partekatutakoak iburu forman biltzeko beharra sentitu dugu".

Parte hartze anitza

Formatu ezberdinetako artikuluak bildu dituzte liburuan, eta hainbat eskuk hartu dute parte. Ane Labakaren hitzetan, "zenbait dikotomia hausten" saiatu dira, "bizipenak vs. gogoeta, aditu vs. aritu, akademia vs. herri jakintza". Horretaz gain, hamalau emakume bertsolari arduratu dira artikulu bakoitzari atariko bertso bat jartzeaz. "Kolektibotasuna bistaratzeko saiakera izan da", azaldu dute. 

Artikuluak idatziz parte hartu duten egileak, hauexek: Izar Algueró, Uxue Alberdi, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maite Berriozabal, Mari Luz Esteban, Jone M. Hernández, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Carmen Larrañaga, Maialen Lujanbio, Maite Martinez, Elixabete Perez, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri. 

Sarrerako bertsoen egileak: Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza, Aroa Arrizubieta, Amaia Iturriotz, Rosi Lazkano, Irati Majuelo, Alaia Martin, Eli Pagola, Sarai Robles, Nahia Sasco, Izarne Zelaia, Joana Ziganda eta Ane Zuazubiskar

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri