Igandero ETB 1en 2019-11-07

Bertsolarien etxeko hizkuntza-errealitatea gertuagotik, Hitzetik Hortzeran

Geroz eta euskaldun gehiago dira euskara etxetik jaso ez dutenak, eta horien artean daude zenbait bertsolari ere. Igandeko programan bi bertsolariren etxeko hizkuntza-errealitatera gerturatuko gara, Aitor Servier eta Aitor Mendiluzerengana. Horrez gain, ikusgai izango dira Durangoko eta Gasteizko saioak, baita Gernikan Jon Lopategiri egindako omenaldiko hautaketa ere.

Hainbat modu daude hizkuntza batera gerturatzeko. Jaso daiteke etxetik, ikastetxean, edota gerora piztutako interes batek bultza zaitzake bere hitzak aletzera. Gurera ekarrita, euskaldun gazteen erdiak baino gehiagok ez du euskara etxetik jaso, eta horien artean daude zenbait bertsolari ere. Baina nola hartzen ditu bertso munduak hiztun hauek? Laguntzen die, edo zalantzan jartzen ditu? 


Servier eta Mendiluze bertsolarien hizkuntza-errealitatea, gertuagotik

Baionako Kalostrape ostatuan Aitor Servier bertsolari azkaindarrarekin egin dugu zita. Bere gurasoekin frantsesez aritzen da egunerokoan eta ikastolan jaso zituen euskara eta bertsozaletasuna. Igeldon berriz Aitor Mendiluze bertsolari andoaindarrarekin elkartuko gara. Ama burgoskoa izanagatik, berak eraman zuen lehen aldiz bertso eskolara.

Bertsolarien hizkuntza-errealitateak gertuagotik ezagutuko ditugu igandeko programan. Etxean bertsolari izaera nola bizi duten azalduko digute eta lagunartean guraso erdaldunak izanagatik sumatu dituzten erreakzioei buruz ere hitz egingo dute. Euskara etxetik jaso ez duten euskaldun kopurua areagotuz doa, baina bertsotan dabiltzanen proportzioa ez da berbera. Batzutan badirudi bertsolaritza “euskaldun zaharra” izatearekin lotzen dela. Zer egin dezake bertsolaritzak hiztun berrientzako leku eroso bat izan dadin?

Durangoko, Gasteizko eta Gernikako bertsoaldi onenak

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen baitan Euskal Herriko emakume, trans eta bolloen anti-kopla txapelketa ospatu da Durangoko Landako gunean. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, bertso jaialdia  eta Gernikako Lizeo aretoan Jon Lopategiri omenaldia. Hiru jaialdietako bertsoaldi onenak entzungo ditugu igandeko Hitzetik Hortzeran.

Kattalin Minerren kuttuna
Kazetaria, idazlea eta aktibista feminista ezaguna da Kattalin Miner, baita bertsozalea ere. Igandeko programan bere bertsoaldi kuttuna zein den jakingo dugu. Horrezgain informazio laburrak eta umorea ez dira faltako.

Gogoratu, igandero, 15:00etan, ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieranen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri