Igandero ETB 1en 2019-11-28

Unibertsitateko bertso giroa igandeko Hitzetik Hortzeran

Bertsolaritza unibertsitatean ere bizi da, eta horregatik Gasteizko ikasle giroan murgilduko gara datorren programan, Haizea Arana, Maddi Aiestaran eta Bittor Altube bertsolari gazteen eskutik. Ahostegunak ekimena ere ezagutuko dugu, eta Iruñeko Bertso Aroak eta Gipuzkoako bigarren finalaurrekoak emandakoak eskainiko dizkizuegu.

Nekez ahazten dira ikasle garaiak. Pisukide xelebreak, lagun min bilakatuko diren ezezagunak, ikasgelaz kanpoko irakaspen ederrak. Eta ikasle askorentzat, bertsolaritza bada elkargune bat egunerokotasun berri horretan.  

Unibertsitateko ikasleak bertso giroan murgilduta

Igandeko programan Unibertsitatean hasi berriak diren hiru bertsolari gazteren bizitzetara gerturatuko gara; Haizea Aranarenera, Maddi Aiestaranarenera eta Bittor Altuberenera. Hiruek Gasteiz aukeratu dute beraien unibertsitate egonaldia egiteko eta bertso giroari lotuta bizitakoak kontatuko dizkigute. Herri ezberdinetakoak izanda ere elkar ezagutzen dute, besteak beste, bertso-udalekuak bezelako ekimenetatik. Nolakoa da baina unibertsitatean sortzen den bertso giroa?

Unibertsitateak norbere herriko bertso eskolatik urruntzea dakar zenbaiten kasuan, igandeko programan, hiru gonbidatuen errealitatea ezagutuko dugu. Unibertsitatetik kanpo ere izaten da bertsotarako parada ikasle garaian. Non egingo dute bertsotan Maddik, Haizeak eta Bittorrek  extra-ofizialki? Galdera hauek eta asko gehiago erantzungo dizkigute igandeko programan.

Ahostegunak, ahozko kultur sorkuntza

Ostegunak AHOSTEGUN bilakatu dira unibertsitate inguruko gazteentzat. Ekimen berri hono  buruz ere jardungo dugu igandeko programan. Ahozko kultur sorkuntzaren bitartez ondo pasatzeko saioak antolatu dituzte azaroan zehar Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak. Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura landu dituzte, eta saio interesgarriak bezain emankorrak izan dira.

Donostia, Oiartzun eta Iruñeako bertsoaldi onenak

Igandeko programan Ahostegunak ekimenaren baitan Donostian izan den bertso saioko bertsoaldiak ikusteko aukera izango da. Bertan kantuan izango dira Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi. Oiartzunen izan den 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoko bertsoaldi onenak ere ekarriko ditugu. Kantuan izango dira Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Ane Labaka, Iñigo Mantzizidor, Asier Azpiroz eta Amaia Iturriotz. Azkenik, Iruñeako Bertsoaroari amaiaera eman dion bertsolari gazteen saiotik hautaketa bat entzungo dugu. Kantuan izango dira Xabat Illarregi, Haritz Mujika, Ekhiñe Zapiain, Maialen Akizu, Irati Alcantarilla eta Ibai Amillategi

Bertso-sorta musikatua; Bakardadeak

Igandeko programan Jon Martin bertsolariak idatzitako “Bakardadeak” bertso sorta musikatua entzuteko aukera izango da. Kantuan arituko da Maddalen Arzalluz, kitarran Araitz Bizkai eta dantzariak Lierni Kamio eta Beñat Monfort.

Hitzetik Hortzera, igandean 15:00etan ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri