Historiako Emakume Bertsolariak 2020-02-21

Historiako emakume bertsolariak, Hitzetik Hortzeran

Zazpi ataletan jorratuko dugu gaia: garaiko emakume bertsolariek osatutako bertso bilduma zabala eta erreferentzia historikoak eskainiko ditugu igandeetako hitzorduan. Igande honetan, otsailaren 23an, izango da lehena.

Hitzetik Hortzerako plaza eskainiko zaie urteetan itzalean egon diren hainbat emakumeren ahotsari. Igandean hasi eta datozen zazpi asteetan, historiako emakume bertsolarien berri izango dugu bertsolaritzari buruzko telebista programan.

XIV. mendeko lehen erreferentzia historikoetatik hasi eta XX. mendearen erdira arte, bertsolaritzak egindako bidea berrosatuko dugu emakume bertsolarien ahotsa aintzat hartuta. Gainera, zazpi ataletan egingo dugun bide hori janzteko, emakume horiek osatutako bertsoak abestuta entzungo ditugu: Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Oihana Iguaran bertsolariak jarri ditugu zeregin horretan, eta Gari Otamendi eta Joxan Goikoetxea musikariek jarri diete doinua bertso aleei. Guztira, bat-batekoak zein jarriak diren 17 bertsoaldi. Bestalde, horietako bertsolari zenbaiten argazkien faltan, Hitzetik Hortzerako lantaldean ari den Txakur Gorria kolektiboa arduratu da ilustrazio bidez horiei irudia jartzeaz.

Etxegarai, Erdozio eta Hargain, Lore Jokoetan txapeldun
XIX. mendean indar handia hartzen dute emakume bertsolarien erreferentziek, lehenago ere bakan batzuk egon badauden arren. Mende horren amaieran, garaiko bertsolari txapelketa nagusiak ziren Lore Jokoak irabazi zituzten Aña Etxegarai, Maria Luixa Erdozio eta Marie Hargain bertsolariek; bost aldiz irabazi zituzten, eta 30 urtetik gorako bertso bidea egin zuten plazan. Ez da ezagutzen, ordea, Lore Joko horietako bat-bateko bertsorik.

Bertsoei dagokionez, XIX. eta XX. mende bitartekoa da gaurdaino iritsi den bertso bilduma oparoena: Bizenta Mogel, Inaxi Etxabe, Joxepa Zubeldia, Joxepa Antoni Aranberri "Xenpelar", Joxepa Inaxi eta Mikaela Elizegi ahizpak, Leoni Etxebarren, Luzia Goñi, Martzelina Lopetegi eta Plazida Otaño dira, besteak beste, bertso horien egile.

Otsailaren amaieratik hasita, entzun ditzagun itzalean egon diren garaiko emakume bertsolarien ahotsak. Igandeetan, 15:00etan hasita, Hitzetik Hortzeran.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri