Igandero ETB 1en 2020-03-25

Inaxi Etxabe bertsolariarekin solasean, Hitzetik Hortzeran

Inaxi Etxabe bertsolariak bere etxera gonbidatu gaitu. Duela 87 urte sortu zen Oikiako baserri batean, eta bere ibilbidean hainbat eta hainbat bertso kantatu eta idatzi izan ditu, baita sariketak irabazi ere! COVID19-ak bertso plaza ere geldiarazi duenez, urteko bertsoaldien aukeraketa bat eskainiko dizuegu, bertso berriagoen faltan. Gogoratu, Hitzetik Hortzera, igandero 15:00retan ETB1en.

Inaxi Etxabe bertsolari aparta
Oikian jaio zen Inaxi Etxabe 1933ko martxoaren 26an, hamaika senideren artean gazteena. Bere etxean izan da Eider, eta hain justu bere urtebetetzea pasa berritan bera izango dugu protagonista iganderoko hitzorduan, Hitzetik Hortzeran.

Baserri giroan sortu zen Inaxi, eta orduko baserriko bizitza nolakoa zen galdetuko diogu. Pilotarako eta dantzarako sena ere bazuen, eta oso ongi moldatzen zen batean zein bestean. Dena den, zaletasun handienak kantagintza eta bertsolaritza izan ditu txiki-txikitatik. Gaur egun mantentzen ditu zaletasun horiek, eta igandeko programan horren testigu izango gara. Bertso sortekin hainbat sari eskuratutakoa da, eta Basarri bertsolari ezagunari ere sekulako erantzuna eman zion emakumeen aurka idatzi zituen bertso batzuen harira. Gertaera horren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, ez galdu igandeko saioa.

Isildu ez zirenak: Joxepa Zubeldia
Aste honetan ere izango dugu bertsolaritzaren historian arakatzeko tartea. Hernaniko Ibarluze baserrian jaio zen Joxepa Zubeldia 1865ean. Bere anaia Kaxiano Zubeldiarekin sarritan jarduten zuen bertsotan etxean; eta Gabonetan eta santa eske garaian etorritako taldeekin balkoitik bertsotan aritzen zen. Bertso ugari ere idatzi zituen. Bere lagun baten baserrian pasatzen zuen tartea horretarako, etxean, bere seme-alabek ez baitzuten gogoko amaren bertsozaletasuna.

Eta egungo bertsoaldiei dagokionez, COVID-19ak bertso plaza geldiarazi duenez, urteko bertsoaldien bilduma bat eskainiko dizuegu, bertso berriagoen faltan. Hala, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Izturitzen, Senperen, Tolosan, Beasainen eta Elgoibarren izango gara.

Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta Interneten ere ikusgai EITB Nahieran atarian.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu