Igandero ETB 1en 2020-04-02

Igor Elortzaren ibilbidea, Hitzetik Hortzeran

Igor Elortzaren ibilbidea, Hitzetik Hortzeran
Denboraldiko azken programan, Igor Elortza bertsolariaren ibilbidea errepasatuko dugu. Durangarrak xehe-xehe kontatu dizkigu bere hastapenak, plazako irakaspenak, txapelketako une gogoangarriak… Makina bat plazatan aritu da eta bertsoaldi esanguratsuen bilduma eskainiko dizuegu. Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en.

30 urtetik gora igaro dira Igor Elortza Aranoa bertso plazara iritsi zenetik. Bizkaiko finalera sailkatu zen gaztetxo hark hainbat lorpen eta irakaspen pilatu ditu ibilbide oparoan. Zeintzuk izan dira Elortzaren mugarriak? Horiek ezagutuko ditugu, besteak beste, igandeko Hitzetik Hortzeran.

Mihi zorrotzeko bertsolaria dugu, kultur munduarekin konprometitua. Musikazalea ere bai, Zazpi Eskale edota Gu Ta Gutarrak proiektuak horren erakusgarri: bere lehenengo plazan irabazitako 1.000 pezetak Hertzainak taldearen diskoa erosteko erabili zituela jakinda, espero zitekeen.

Ibilbide honetan bidelagun izan dituen pertsona garrantzitsuak ezagutuko ditugu, Jon Lopategi irakaslea edota Unai Iturriaga laguna, kasu: "Nire bizitzako pozik handienetakoak eta lagunik onenetakoak bertsoaren bueltan egin ditut". 

Bertsolaritzarentzako garrantzitsua izan den belaunaldi bateko partaidea da Elortza: bertso mundua berritu zuten eta, berak dioen bezala, giro onean. Genero ikuspegiari dagokionez, plazaren eraldatze prozesua nola bizi duen jakingo dugu. Bestalde, badira bi urte Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza taldeko kide denetik eta horren inguruan ere galdetuko diogu.

30 urteotako bertso bilduma
Makina bat plazatan kantatu du Igor Elortzak. Izurtzako frontoian kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean. Bertsolariaren une garrantzitsuenetako batzuk ekarriko ditugu pantailara: 16 bertso plazatan ikusiko dugu eta bertsokide izango ditu, besteak beste, Joxe Agirre, Maialen Lujanbio edota Unai Iturriaga.

Igandean, 15:00etan, denboraldiko azken hitzordua Hitzetik Hortzerarekin. Ez galdu!

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza