Entzun eta irakurtzekoak 2020-04-20
Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek zein Mikel Laboa Katedrak elkarrekin esleitutako lehen ikerketa kontratuaren emaitza da Miren Artetxek egindako lana. Duela hilabete gutxi defendatu du adituen epaimahaiaren aurrean Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak tesia eta doktoretza lortu du.
Larrialdi egoerak horrela eskatuta telefonoz egin behar izan dugu Miren Artetxerekin gaiari buruzko solasaldia. Ezer baino lehen zer moduz dagoen galdetu diogu eta ondo dagoela kontatu digu, nahiz eta, egin gabe zituen lanak gauzatzeko hasiera batean zuen euforia apaldu zaion jada.
Zergatik egiten dute gazteek euskaraz?
Galdera horri segika hasi zuen Mirenek ikerketa. Batetik, hizkuntzekiko betidanik izan duen interesak bultzatu zuen Miren lan honetan murgiltzera. "Lasarte-Oriatik Hendaiara 5 urterekin joan nintzen, gurasoak Hegoaldekoak ditut...frantsesa, euskara eta euskalkiak, gaztelera.... Hortik abiatu nuen nire ikasketa ibilbidea: hasi Euskal Filologiarekin, linguistika kognitibo aldetik jarraitu ondoren eta ohartzen joan nintzen interesatzen zitzaidana hizkuntza zela, baina harremanekin loturik". Beste alde batetik, bertsolaritzarekiko lotura izan da Mirenen bizitzan konstante bat. Bi osagai horien baturatik burutu du doktore-tesia.
Hizkuntza ibilbideak aztergai
Iparraldeko bertso eskoletako gazteetan euskararen erabilera eta harremanak aztertu ditu. Hainbat bertso-eskolatan ibilitako bertsolariak izan dira eta, perfil jakinik zehaztu ez badu ere, genero aldetik bi multzo bereizi ditu: lehenengoan, mutilak edo mutil bezala irakurriak direnak eta, bigarren multzoan, neskak edo neska bezala irakurriak direnak. 14 gazteren hizkuntza ibilbideak aztertu ditu, hau da, haien bizitzan zehar hizkuntzekin izandako harremanak eta bertso-ibilbideak. "Gaur egungo garaitik nire garairaino estrukturalki zegoen aldeaz kontzientzia hartzeko lanketa bat egin behar izan dut jasotako esperientziak ondo irakurtzeko". Elkarrizketa sakonak eta behaketa izan dira ikerlanerako erabili dituen bi informazio-iturriak. Biak kritikoki aztertu ditu batak bestea osatzeko helburuarekin.
Mudantzak: hizkuntza ohituretan dauden egiturazko aldaketak
Pertsonen artean harremantzeko oinarrizko moduetan gertatzen diren aldaketak dira mudantzak. Beste hitzetan esanda, bi pertsonaren artean denbora jakin batera arte hizkuntza bat erabiltzea eta une batetik aurrera hizkuntza aldatzeari deritzo mundantza. "Hizkuntza ohituretan gertatzen diren aldaketak bizitza aldaketa batekin daude lotuta eta hori aztertzea interesatzen zitzaidan".
Bertso-eskola praktika komunitate gisa
Bertso-eskolak hizkuntza ez ezik pentsaera, harremanak, balioak eta abar garatzen dituen komunitate bat bezala ulertu eta aztertu ditu Mirenek. "Bertso-eskola jarduera komunitate bat da ikerketan parte hartu duten gazteentzako. Bertan bertsolaritzaren bueltan garatzen diren harremanak, pentsatzeko moduak eta abar euskaraz gertatzen dira eta hori garrantzitsua da".
Euskara eta gazte identitateak
Gaztaroa geroz eta gehiago luzatzen den honetan zeresan handia eman du gazte komunitateak. Hizkuntzaren biziberritzean ere gako bat direla ohartarazi du Mirenek. Izan ere, gazte hauek euskara erabiltzen dute identitateak adierazi eta eraikitzeko. "Iruditzen zait espazioak sortu eta garatzen utzi behar direla gazteek haien gazte-identitatea garatu dezaten euskararekiko elkar-ekintzan. Hau da, gazteek erabakimena izango duten espazioetan".
Ipar Euskal Herriko bertso-eskolen argazkia
Azkeneko ikasturteetan partaideen gorakada bat egon da Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletan, eskoletara baliabide gehiago bideratzearekin batera. Gorakada horren arrazoiak bildu ditu Mirenek lanean: alde batetik, gaur egun bertsolaritza gazteen artean gertatzen den zerbait dela dio eta, bestetik, irakasleen lana eta inplikazioak eragin handia duela. "Iparraldean irakasleak erreferentziazko pertsonak bihurtu dira ikasle zein gurasoentzat eta hauek egiten duten ekarpena handia da". Gaur egungo gazteen bertso-eskoletan irakaslearekiko dagoen harremana nabarmendu du Mirenek.
Bertso-eskolatik euskarari ekarpena
Bertso-eskolak gazteei sortzaile sentitzeko bide bat ematen die: "sortzailetasuna eta plazerra daude bertsoaren bueltan eta hori euskararekin lotzea garaipen bat da". Bertso-eskolak espazio libretzat mantentzea eta garatzea ezinbestekotzat jo du Mirenek.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24