Igandero ETB 1en 2020-04-23

Historiako emakume bertsolariei buruzko programa, igande honetan

Historiako emakume bertsolariei buruzko programa, igande honetan
Ordubeteko saio berezia ondu dugu, Hitzetik Hortzerako denboraldian atalka landutakoa programa bakarrera ekarrita. Erreferentzia historikoak eta bertso bilduma jasotzen ditu programa berezi honek. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

Hitzetik Hortzerako denboraldi amaitu berrian, historian izan diren emakume bertsolariei aitortza egiteko atal sorta eskaini genuen. XX. mende erdira arteko bertso bilduma eta zertzelada historikoak izan ditu oinarri. Orain, atal horiek bildu eta saio bakar batera ekarri ditugu: zehazki, igande honetan eskainiko dugu, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

XIV. mendetik datoz lehen erreferentzia historikoak eta presentzia horrek indar berezia hartzen du XIX. mendean. XIX. mende amaieran, besteak beste, garaiko bertso txapelketa nagusiak irabazi zituzten Maria Luixa Erdozio, Mariana Hargain eta Aña Etxegarai bertsolariek, eta 30 urtetik gorako bertso bidea egin zuten plazan.

XIX-XX mendekoa da bertso bilduma oparoena: Bizenta Mogelen bertso jarriak, Plazida Otaño eta Txirritaren arteko bertsoak, Mikaela eta Joxepa Inaxi Elizegi ahizpen artekoa, Joxepa Zubeldiak jarriak, Martzelina Lopetegi eta Txirritaren arteko elkarrizketa, Joxepa Antoni Aranberri "Xenpelar"ek fabrikan kantatuak, Inaxi Etxabek Basarriri erantzun zionekoa, Leoni Etxebarrenek Xalbadorren Odolaren Mintzoaz idatziak eta beste zenbait.

Luzia Goñi bertsolariak ere leku berezia izango du bilduma honetan. Gauzak zer diren, berari buruzko Hitzetik Hortzera programa hastear zela zendu zen martxoaren 22an.

Zertzelada historikoen lagungarri, bertsolari horien gehienen argazkiak izan arren, zenbaitenak ez zaizkigu gaurdaino iritsi: Maria Luixa Erdozio, Mariana Hargain, Bizenta Mogel, Joxepa Inaxi Elizegi, Hondarribiko Joxepa, Martzelina Lopetegi, besteak beste. Txakur Gorria Kolektiboak egin ditu horientzako irudiak.

Bertso bildumari dagokionez, bertso horiei ahotsa jartzen, Eñaut Agirrek, Maddalen Arzallusek eta Oihana Iguaranek hartu dute parte, Gari Otamendi eta Joxan Goikoetxea musikariek lagunduta.

Igandean, 15:00etan, hitzordua daukagu bertsolari hauekin guztiekin ETB1en.

 

 

Datu gehiago nahi?

Bertso bildumaren ezaugarriak:

  • XIX eta XX. mende erdira arteko bertso bilduma da
  • 17 bertsoaldik osatzen dute (60 bertso)
  • Bat-batekoak zein jarriak dira
  • Molde anitzekoak: emakumeek hainbat gairi kantatuak edo jarriak, emakume bertsolari biren artekoak, gizonezkoen eta emakumeen arteko dialektikak…

 

Bertso bildumako protagonistak:

  • Bizenta Mogel. Bertso jartzaile oparoa izan zen Mogel.
  • Hondarribiko Joxepa. Hondarribiko Joxeparen erreferentzia historikoak dauzkagu, batez ere Bilintx bertsolariak berari jarritako bertsoak. Ez da oraingoz bere bertsorik ezagutzen. Hitzetik Hortzerako bilduman, Bilintxen bertsoekin, behin Maialen Lujanbiok Hondarribiko Joxeparen ahotik jarritako bertsoak bildu ditugu, Bertsolaritzaren sekretuak proiekturako jarriak.
  • Inaxi Etxabe. Batez ere idatziz nabarmendu zen. Basarrik jarritako sorta bati erantzunez jarri zituenak dauzkagu bilduma honetan.
  • Joxepa Zubeldia. Bat-batean eta idatziz landu zuen bertsolaritza. Sorta bat iritsi zaigu, plazan kantatu zuena.
  • Joxepa Antoni Aranberri "Xenpelar". Bat-bateko bertsoaldiak baditu, baina batez ere bertso jarrietan du azpimarratzeko uzta. Gai sozialei, erlijiosoei eta politikoei kantatu zien, Europako lehenengo mundu gerrari kasu. Bere hiru sorta jaso ditugu Hitzetik Hortzeran.
  • Joxepa Inaxi eta Mikaela Elizegi. Elkarri idatzitako bertsoak zein egoera desberdinetan biek kantatutako aleak.
  • Leoni Etxebarren. Xalbador zuen senarra. Urepeldarra Odolaren Mintzoa liburua amaitzen ari zenean bertsoak eskatu zizkioten Leoniri, eta baita ederrak jarri ere. Idatzi eta 40 urtez isilean egon diren bertsoak dira, 2016an Odolaren Mintzoaren berrargitalpenean, Amets Arzallusek hitzaurrera ekarriak.
  • Luzia Goñi. Idatzizko bertsoak daude jasota. Bere jaioterritik joan behar izan zueneko sorta daukagu bilduma honetan.
  • Martzelina Lopetegi. Bat-bateko hiru bertsoaldi ezagutzen zaizkio: beraren eta Txirritaren artekoak bi; eta beraren eta amerikar baten artekoa bestea. Hirurak jaso ditugu bilduman.
  • Plazida Otaño. Bat-bateko bi bertsoaldi ezagutzen zaizkio: bere aita Joxe Bernardorekin egindakoa bata eta Txirritarekin beste
  • Maria Luixa Erdozio, Mariana Hargain eta Aña Etxegarai. Lore Jokoetako irabazleak. Bost aldiz irabazi zituzten, eta 30 urteko bertso ibilbidea egin zuten XIX. mende bukaeran eta XXI. hasieran.  Ez da ezagutzen Lore Joko horietako bat-bateko bertsorik.