Basarri Bertso paper Saria 2020-07-10

Basarri Saria - sorta irabazlea

Basarri Saria - sorta irabazlea
"Konfinamenduaren hirurogeigarren egunean idatzi baina mugaz bestalde bidali gabe utzitako postala" da bederatzi zortziko txikiek osatutako sortaren gaia.

36. Basarri Sariko sorta irabazlea.

Egilea: Haritz Mujika

"Konfinamenduaren hirurogeigarren egunean idatzi baina mugaz bestalde bidali gabe utzitako postala"


DOINUA: Zure bular politak

 

1.- Egunak luze doaz
eta gauak labur
igande hartan esan
nizunetik “agur”
geroztik naiz geldirik
bare dagoen ur
ilusio hutsetik
elikatzen den lur


2.- Goizetan kentzerako
begi makar printzak
buruan dauzkat zure
bezperako hitzak
baina nola basoan
hazten diren zizak
bizitza laburra du
pozaren bizitzak.


3.- Maitasuna ez dago
arauetik salbu
ezin besarkadarik
erosi nahiz saldu
laztandu ta bihurtu
elkarren azal gu,
hura larrutu eta
mamia azaldu.


4.- Nahiz irri bat zabaldu
bi ezpainen mugan
ezin egonak zenbat
ezinegon gugan.
Goxo hartu nahi zaitut,
kulunkatu zugan,
beldur naiz, beldur ea
asmatuko dudan.


5.- Nola doan garaian
zalduna zaldian
amesten dut esnatze
baten atarian.
Aitortza bat, laztan bat,
muxu bat agian,
lehen aldi berri bat
ehungarren aldian.


6.- Nahiz dena den pasio,
loraldi eta su
ta aitortu “behar zaitut,
kontuan har zazu”
zu gabe izan naiz ni
ni gabe zara zu.
baina alboan mesede
egiten didazu.


7.- Neure argi baitzara
ez itzal, ez orbain
baina itxialdi txar
ta zail baten ordain
berriz zu ezagutzeko
beharra dut orain.
ta sareak zapi fin
bihurtzeko off-line.


8.- Harreman birtualak
beti dira zailak
koloreak itzaltzen
baititu pantailak.
Nik pasahitzak baina
nahiago zerrailak
eta bizar laztanez
gorritu masailak.


9.- Baina harremantzeko
lehen geneuzkan erak
baimen omen ditzake
denboraren hegak.
Ta gerora baletor
antzeko beste bat
azpian har gaitzala
teilatupe berak.

 

 

Albiste gehiago

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu