Asteazken honetan hasita 2020-07-13

Bertsoa, sagardoa eta musika, uztailean eta abuztuan

Bertsoa, sagardoa eta musika, uztailean eta abuztuan
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Musika Bulegoak eta Bertsozale Elkartearen arteko lankidetzan bertso saioak egingo dira udan zehar. Asteazkenean, Unai Mendizabal eta Eli Pagola Aburuza sagardotegian.

Bertsoa eta sagardoaren arteko loturak beste urrats berri bat eman du oraingoan. "Sagardoak elkartzen gaitu" ekimena, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Musika Bulegoak eta Bertsozale Elkarteak lankidetzan ekimen bateratu bat ondo eta aurkeztu dute. Uztailean 3 bertso ekitaldi izango dira Gipuzkoan Aburuza, Astarbe eta Petritegin. Lehen bi ekitaldietako sarrerak www.bertsosarrerak.eus gunean daude eskuragarri.

Bertso agenda sagardotegietan


"Sagardoa eta bertsolaritza betidanik egon dira lotuta" aipatu zuen aurkezpenean Bertsozale Elkarteko Oier Iurramendik gaur Astigarragako (Gipuzkoa) Astarbe sagardotegian egindako agerraldian. Aspalditik dator bien arteko harremana, eta urteen poderioz bilakaera izan duen arren, aurtengo uda bereziak harreman hori are gehiago estutzera bultzatu ditu. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak egikaritu dute oraingoan hartu-eman hori, Sagardoak elkartzen gaitu ekimenaren baitan, eta beste kide bat ere batu da: Musika Bulegoa elkarteak osatzen du hirukotea.

Iurramendirekin batera izan dira Astarbe sagardotegiko terrazan egin den agerraldian Olatz Mitxelena, Sagardoa Route - Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzailea; Aitor Bengoetxea, Musika Bulegoa elkarteko lehendakaria; Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko zuzendaria; eta Josu Garaialde, Hazi Fundazioko ordezkaria.

Eskaintza ederra izango dute Gipuzkoako hainbat sagardotegik ekimen honen eskutik: guztira, bost saio izango dira, eta horietako bi bertso otordutarako txartelak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Agenda
Uztailaren 15ean, Adunako Aburuza sagardotegian: Eli Pagolak eta Unai Mendizabalek egingo dute bertsotan, Aitor Mendiluze gai jartzen. 20:30ean hasiko da.
Uztailaren 24an, Astigarragako Astarbe sagardotegian: Agin Laburu eta Maialen Lujanbio ariko dira librean. 18:30ean hasita.
Uztailaren 27an, Astigarragako Petritegi sagardotegian: Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia. Musikari, Imanol Kamio. 20:30etan hasita.
Abuztuaren 29an, Irungo Ola sagardotegian: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Anjel Mari Peñagarikano. 20:30etan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri