None 2020-08-28
Hiztun komunitate txiki baten barruko kultur diziplina bat da bertsolaritza. Kultura eraldaketa prozesu gisa ulertzen dugu: balio sistema oso baten transmisiorako tresna. Garatzeko guneak hamarka dira bertsolaritzan: herriz herriko eskolak, oholtza gaineko lana, antolatzaileen ilusioa, irakasleak, zaleak... Borondatea sobera. Horietan eragiteko, hiru zehar-lerro une oro presente: feminismoa, belaunaldiartekotasuna eta lurraldetasuna. Epizentroan, Bertsozale Elkartea. Bilgune bai, baina ez eragile bakar: sei elkarte eta enpresa bat, 125 soldatapeko langile eta borondatezko 100 langiletik gora bertsolaritza geroratzeko lanetan.
Aniztasun handia duen proiektua da gurea, askotarikoa eta etengabe aldatzen dabilena. Sistema biziak dira ekosistemak, bortxaz nahiz halabeharrez datozen aldaketen aurrean egokitzen dakitenak. Halaxe gabiltza gu ere, duela hogeita hamar urte jarri ziren oinarri sendoei esker. Garaira egokitzen asmatu izan du bertsolaritzak, gure egitekoa da, ilusio berriei forma emateaz gain, belaunaldi, herrialde, izaera eta ideia asko dituzten pertsonak mugimenduaren inguruan antolatzea.
Bizirik gauden seinale, bide hori askotarikoa izango da. Erritmo, desio eta nahi desberdinak topatuko ditugu bidean, eta elkarren arteko desberdintasunak aitortuz, orekak bilatuz eta elkar errespetatuz jarraituko dugu lanean. Nor bere errealitatetik abiatuta elkarrekin dihardugun eta helburu bera dugun mugimendua garelako.
"Erritmo, desio eta nahi desberdinak topatuko ditugu bidean, eta elkarren arteko desberdintasunak aitortuz, orekak bilatuz eta elkar errespetatuz jarraituko dugu lanean"
Oreka, gurean eta gizartean, ezinbestekoa eta zaila da aldi berean. Egonkortutakoaren eta berritasunaren uztarketan hasiberriak gara koordinatzaile bikotea. Hemen gabiltza bi funanbulistaren pare. Soka gainean dagoenak badaki erori gabe ibiltzen: soka solteegi baldin badago, ezin ibili; tenkatuegi badago, aurki izango da erreboteren bat. Gure energia, ilusioa eta gaitasunak proiektuari eskaini nahi dizkiogu. Denbora eta dedikazioa eskatuko dizkigu, baina bidean ikasiko dugu, egunerokoan elkarrekin harremanetan egonez. Daukagun tokitik eta arduratik arituko gara, elkarte izatetik, martxan diren proiektuei jarraipena emanez eta berriak sortzeko ausardia hartuz.
Bertsozaleen ekosistemako elementu guztiek osatzen dute gure kasuan soka, eta gutako bakoitzari dagokigu proiektuaren, kideen eta taldearen arteko oreka hori bilatzea. Bai, sokara igota dauden kide guztien ardura da oreka. Hausnartuz eta begirada kritikoz begiratuko diegu bizitako esperientziei, baina arduraz jokatuko dugu. Ziur gaude bidea aberatsa bezain polita izango dela.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24