COVID-19aren ondorioak 2020-09-09
Tokian tokiko eta unean uneko egoerak zein aurreikuspenak egiteko ziurgabetasunak markatu du bertso plaza uda honetan; bi aldiz lotu eta bi aldiz bertan behera geratu diren saioak ere izan dira. Udako saioak herrietako jaietara egoten dira lotuta maiz, eta horiek bertan behera geratzeak berekin eraman ditu saio batzuk ere; beste batzuei eutsi egin zaie, maiz jai horiek ordezkatu dituzten kultur programazioen baitan, eta beste zenbaitetan egoerak eragindako kultur eskaintza berriengatik sortu dira.
Testuinguruak berak eta hura kontuan hartuta jarraitu beharreko antolaketa moduek eragina izan dute egin diren bertso emanaldi formatuetan: "Gailendu dena jaialdia izan da, eta beste plaza mota bat desagertu da: bertso afariak edota bazkariak, esate baterako. Era berean, festen egitarauan oinarri izan diren plaza libreak ere ia erabat desagertu dira", diote Bertsozale Elkarteko Oier Iurramendik eta Lanku Kultur Zerbitzuetako Marta Agirrezabalak. Gaur egun, lehen egiten ziren saioen %25 egiten dira.
"Gailendu dena jaialdia izan da, eta beste plaza mota bat desagertu da: bertso afariak edota bazkariak, esate baterako"
Martxoaren 13an bertso plaza osoa bertan behera geratu zen, eta, geroztik, unean uneko araudiari jarraituta, plazak bilakaera izan du. Hasieran, bat-bateko etenaldia izan zen, eta aurreikusitako udaberriko hitzordu guztiak bertan behera geratu edo atzeratu ziren.
Plaza etxe barrura sartu behar izan zen: bertso munduko zenbait lagunen ekimenez, online bertso saioak antolatu ziren. Larrialdi egoeraren baitan baina neurriak leundu ahala, eta plazari hauspoa berotu behar zitzaiola ikusita, Bertsozale Elkartea eta Lanku Kultur Zerbitzuak bertso saioak egiten hasi ziren bertsolariak eta gai jartzaileak Amasa-Villabonako Subijana etxean elkartuta eta emanaldi horiek sarean eskainiz. Emanaldi horietako batzuk aurretik hitzartutako saioak ziren, eta tokian tokiko antolatzaileak zituzten.
Une oro zaindu dira segurtasun neurriak; eta hala egin zen ikus-entzuleekin Bertsozale Elkarteak Lanku Kultur Zerbitzuekin Amasa-Villabonan antolatutako saioan, ekainaren 5ean. Kultur emanaldiak seguruak zirela erakusteko aletxoa jarri zuten hartara elkarteak eta Lankuk, aurretik eta gerora beste zenbait kultur antolatzailek egin bezala.
Modu horretan, zaleen arteko distantziak eta tokian tokiko lagun kopuruak baldintzatuta gauzatu dira, honenbestez, udako ekitaldiak.
Irailaren 19an hasiko da Xilaba eta udaberria gauzatzekoa zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako Udabarria Bertsotan sailkapen fasea ere laster egingo da. Udaberriko beste hainbat ekimen udazkenean egiteko asmoa ere badu Bertsozale Elkarteak.
Lanku Kultur Zerbitzuek ere prest dute Euskaraldiaren baitan eskainiko diren bi emanaldi Txor txor bakarrizketa eta …nahi dugu hitz eta jolas bertso emanaldia. Laster iragarriko dira udazkenerako beste zenbait kultur emanaldi ere. Abendura bitarte 30 bat emanaldi adostuta dituzte jada Lankutik.
Bertso saioen agendan ere badago mugimendua; Xenpelar Dokumentazio Zentroak elikatzen duen bdb.bertsozale.eus atarian ikus daiteke agenda, eta horietako askotan izan eta izango da Bertsoa.eus ataria ere.
Badator udazkena bertso plazara. Tokian tokiko egoerak eta egun batetik besterakoak eragina izan dezakeela ahaztu gabe, noski; ikusiko dugu bertso plazaren udazkenak ospela ala eguzkiaren epela dakarren.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24