None 2020-09-10
Bertsogintzaren proiekzio soziala lehentasun bat izan da hasieratik Bertsozale Elkartearen proiektuan, kultur diziplina baten garapenean duen garrantziaren jakitun. Sortu eta gutxira, bertso programa iraunkorra jarri zuen abian euskarazko telebista publiko jaio berri hartan. XXI. mendearen hasieran, bertsoa sarean zebilen bertsogintzako komunikabide espezializatuan barrena, eta Euskal Herriko zein nazioarteko komunikazio munduarekin lankidetza sare oso zabala ehundu du. Antxoka Agirrek Bertsolaritzaren historia: hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018) lanean ondorioztatzen du bertsolaritzaren azken 150 urteetako historian konstante bat dela garaian garaiko bertsolaritza eragileak azti ibili izana bertsoaren eta bertsolaritzaren gizarteratze lan horretan.
Proiekzio soziala ez da ez berezkoa eta ez neutroa ere. Bertsolaritzaren historian hauspotu eta isildu denak ere erakutsi digu zerbait horren inguruan. Hortik ere bagatoz denok, baina gizarte proiekzio hori adostasun esplizitu eta zabal baten gainean eraikitzeko bidea ere izan da Bertsozale Elkartearen bidea. 2018ko gogoeta estrategikoan lau kontzeptuk laburbildu zuten hedapenaren ildoa: aniztasuna du oinarri eta, feminismoa, lurraldetasuna eta belaunaldiartekotasuna zehar-lerro."Baliabide teknikoetara egokitzea giltzarria da, noski, baina hori bezain garrantzitsua da (edo are garrantzitsuagoa) bertsoaren proiekzio soziala garaiko oinarri eta irizpide esplizitu eta adostuen gainean egiten jarraitzen asmatzea"
Herri guztietako jaialdietako bertsoak, buruz buruko eta taldekako txapelketak, historiako emakume bertsolarien bilduma, gazte sariketak, Ez da kasualitatea saio musikatuak, Bertso Transaioa, Bollo bertso saioa, zahar etxeetako Adin adin proiektuko bertsoak, bertso zientzia ekitaldiak, flamenkoa eta bertsoa, gazte jaialdiak, Eskolartekoa, Plazatik Gaztetxera, bertso jarri emanaldiak… Urtero 100 bertso ekitalditik gora jaso eta zabaltzen ditugu Hitzetik Hortzeran eta Bertsoa.eusen; 200 bertsolaritik gora agertzen dira telebistako eta sareko plazetan. Bertsolaritzari buruzko 50 gai inguru lantzen ditugu urtean.
Bertsolaritzaren hedapena garaiko baliabide teknikoetara egokitzea giltzarria da, noski, baina hori bezain garrantzitsua da (edo are garrantzitsuagoa) bertsoaren proiekzio soziala garaiko oinarri eta irizpide esplizitu eta adostuen gainean egiten jarraitzen asmatzea. Eguneratze teknologikoaren aukera horiek gure hedapen proiektuetan txertatzen jarraitu behar dugu. Bertsogintzaren eta bertsolaritzaren aniztasuna egunero eta une oro proiektatu eta elikatzeko ariketa finagoa da, apreziatzeko ere ez beti erraza. Hor jokatzen dugu partida.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24