Bardoak 2020 2020-09-23

Urriaren 2an itzuliko dira Bardoak plazara, ia zazpi hilabeteko etenaren ostean

Urriaren 2an itzuliko dira Bardoak plazara, ia zazpi hilabeteko etenaren ostean
Bi finalaurreko eta finala jokatzear zirela eten zen taldekako txapelketa, Covid-19aren pandemiaren eraginez, martxoan. Urriaren 2an berrabiaraziko da, osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatuta; egun horretan jokatuko dira bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jaunsaratsen. Finala urriaren 17an izango da, Lizarran.

Sei hilabete luze pasa dira Bardoak 2020, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa, eten behar izan zenetik, Covid19aren pandemiaren eraginez. Bi finalaurreko eta finala gelditzen ziren jokatzear txapelketari amaiera emateko. Ordurako, Leitzako Atekaberts komeni taldeak eskuratua zuen finalean parte hartzeko txartela, baina beste bi finalistak zeuden argitzeke. Bata, Goizuetako finalaurrekoan zehaztekoa zen, Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeen artean jokatzekoa zen saioan (joaneko saioan, Anizen, Bertsonautak taldekoek eskuratua zuten lehen puntua). Bestea, Jaunsaratseko finalaurrekoan zen argitzekoa. Han elkartu behar ziren Berako Lamixene eta Barañaingo Hego haizea taldeak, txartela nork eskuratu (Tafallan zen jokatua aurretik joaneko saioa, eta beratarrek lortua zuten puntua). Bertan behera gelditu ziren ordea bi saioak, eta baita martxoaren 28rako aurreikusitako finala ere.

Orain, ia zazpi hilabeteko etenaren ostean, plazara itzuliko dira Bardoak, egitasmoa bukatzeko falta zena jokatzeko asmoz. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, tokiko antolatzaileekin batera, konpromisoa hartu du pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betetzeko. Gauzak horrela, aforoak mugatu eginen dira, segurtasun tarteak mantenduko dira, aretoetara sartzeko eskuak garbitu beharko dira, eta musukoa ezinbestekoa izanen da, saio guztian zehar. Gainera, saioen osterako aurreikusitako otorduak ez dira eginen.

Urriaren 2an itzuliko dira Bardoak kantura, egun horretan eginen baitira finalaurrekoak Goizuetan eta Jaunsaratsen. Lehen kasuan, aurrez erosi beharko dira sarrerak, Goizuetako estankoan. Basaburuako saioan, ordea, egunean bertan izanen dira sarrerak salgai, aretoan bertan. Bi kasuetan, 3 euroko salneurria izanen du sarrerak.

Finala, aldiz, urriaren 17an izanen da, Lizarrako Ikastolan. Finalerako sarrerak aurrez salduko dira, irailaren 28tik aurrera, Ikastolan bertan, eta baita www.bertsosarrerak.eus atarian ere. Saldu gabe geldituko balira, finalaren

egunean bertan ere jarriko lirateke salgai, 15:30etatik aurrera, leihatilan.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa