Elkarrizketa 2020-12-14
“Kezkaz bizi izan nuen hasiera. Bertso plaza erori zen eta gu berarekin batera. Konturatu ginen bertsolariek ez zutela plazarik eta Lankuren egoera ere txarra zela”.
Zalantza eta ezjakintasun handiz bizi izan zituzten pandemiaren aurreneko hilabeteak eta hasiera oso gogorra izan zela aitortu digu Marta Agirrezabalak: “Egun batetik bestera den dena bertan behera geratu zen, gogoan dut martxoaren 13ko goiza deiak erantzuten pasa genuela, antolatuta zegoen guztia banan bana bertan behera ari zen gelditzen. Martxoan gauza asko genituen antolatuta eta dena erori zen bi egunetan”.
Argi dago martxotik gaur arte gauza asko aldatu direla eta aldatzen joan direla egunak aurrera joan ahala. Bilakaera horretan, bai publikoaren eta bai antolatzaileen aldetik aldaketak nabariak izan dira.“Antolatzaileen aldetik hasieran geldialdia etorri zen. Gero maiatz aldera zerbait antolatzeko nahia erakutsi zuten baina ezin zuten oraindik. Online saio batzuk egin ziren eta harrera oso ona izan zuten”.
Orokorrean lehen bertso saio presentzialak antolatzerako garaian, bi aldeetatik nabaritu zitekeena “beldurra” izan zela aipatu digu Martak, baina ahalegin handia egin da bertso saioak aurrera ateratzeko.
“Herriko festa batzuetan urteroko bertso saioari eutsi zitzaion eta, bestela, publiko orokorrarentzat eskaintzeko moduko formatua nahi izan da, bertsoak zeozerekin uztartu eta bertso jaialdi bat baino bertso saio musikatu baten aldeko apustua eginez, adibidez. Hori izan zen udako tonika”
Udazkenean bereziki, bertso saioak herrietako kultur programazioan txertatu dira. Hala ere, tarte honetan zehar, neurri berriak iragarriko ziren momentuek duda asko ekarri diete antolatzaileei. “Neurri berriak ateratzean geldialdi bat egon da; ea zer esaten zuten Gobernuek, zerbait antolatu zitekeen edo ez… eta ikusi zenean kultur ekitaldiak ez zirela mozten, hor berriz aktibazio bat egon da”.
Publikoaren aldetik ere antzeko zerbait somatu da. Hasieran itxialditik atera ondoren “beldur pixka bat ” nabari zen eta ondoren, kultura segurua dela ikusi denean, “kultura kontsumitzeko gogo handia” egon da. Orain aforoak murriztuta baina inoiz baino erantzun handiagoa dago ekitaldi kulturalekiko. “Guk ahalegin berezi bat egin genuen kultura segurua zela aldarrikatuz, kultur ekitaldiak seguruak zirela erakutsiz. Kanpaina txiki bat ere egin zen Elkarteak berak antolaturik Lankurekin elkarlanean”.
Formatu bat gailendu da, argi eta garbi, urte honetan zehar eta beste bertso saio mota batzuk plazatik kanpo gelditu dira. “Formatu seguruak atera dira aurrera, bertso jaialdiak, kontrola eskatzen dutenak, segurtasun neurriak betetzea bermatuko dutenak… eta hor ibili gara. Beste guztia erori egin da. Librekoa bereziki”.
Eta zaila da formatu horien geroa aurreikusten. Gizartean egoera normalizatzen doan heinean, gauzak bere lekura bueltatuko direla pentsatu daiteke. Bitartean, jaialdia ez den beste zerbait eskaintzeko zailtasunak azpimarratu ditu Lankuko koordinatzaileak: “Bi bertsolari eta gai jartzailedun saioak planteatu ditugu eta horrek funtzionatu du ariketa konkretu batzuetan. Adibidez, Euskaraldian lortu dugu bertso saio tematiko batzuk sartzea, horrelako gauzatxoak egin ditugu eta oso ondo atera dira”.
Tamalez, egoerak ez du nahi adinako hobekuntzarik eskaintzen eta, beraz, lanean segitzea tokatzen da. Bertso plazari eustea eta bertsolariek lan duin bat izatea dira Lankuk ondorengo hilabetetan izango dituen erronka nagusiak. Denei dagokigu ordea, bai entzule eta bai antolatzaileeo, kultura segurua dela sinistu eta bertsolaritzaren zein plazaren alde lan egiten segitzea. Animo guztiei!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24