Txapelketak 2020-12-15

2021ean ez da Bertsolari Txapelketa Nagusirik izango

2021ean ez da Bertsolari Txapelketa Nagusirik izango
2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. / Gaizka Peñafiel - XDZ
Laurtekoa beteta, datorren urtean behar zuen txapelketak, baina Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen txapelketekin gertatu bezala, datarik zehaztu gabe atzeratu da.

Saioaren aitzakian, asteburu osorako egindako lagunarteko planak; "Sarrerak, erosita!" WhatsApp mezuak; edota, jendez inguratuta egon arren, bertsoek, aurkezlearen argibideek edota txaloek baino apurtzen ez dituzten isiltasunak. Agian maizago gertatzen diren errituak dira, baina lau urtetik behin zirrara bereziz bizi direnak Bertsolari Txapelketa Nagusia tarteko.

Datorren irailean hasiko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, egoera ohikoa balitz; baina Bertsozale Elkarteak iragarri berri duenez, nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak.

Pandemiaren eraginez, bertso saio ugari bertan behera geratu direla, eta bertso-eskolek normaltasunez aritzeko zailtasunak dituztela azaldu du Bertsozale Elkarteak.  Bestalde, orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da txapelketa, eta, osasun irizpideak aintzat, gerta liteke momenturen batean parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dagoela azaldu du elkarteak.

Bertsolari txapelketen zikloa atzeratuko da horrela. Udazkenean bi txapelketa ziren jokatzekoak, eta atzeratu egin ziren biak: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa zein Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa. Era berean, 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak atzeratuko zirela iragarri zen duela zenbait aste.

Honenbestez, lurralde horietako txapelketak ez ezik, Txapelketa Nagusia ere atzeratzea erabaki du elkarteak, data berririk zehaztu gabe. Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera data berria erabakiko da.

Bertso plaza bultzatzeko ekimen gehiago, laster

Hala ere, bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarriko du indarra urte berrian ere Bertsozale Elkarteak. Horregatik, “herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plaza sustatzeko ekimena” aurkeztuko da laster.

Bertsoa.eus atarian izango duzu horren berri.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri