Plaza biziberritzen 2021-01-25

Eskolatik plazara egingo dugu ostiralean

Eskolatik plazara egingo dugu ostiralean
Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten parte-hartzaileak eta egun plazetan aritzen diren bertsolariak elkartuko ditu ekimenak. Lehen saioa urtarrilaren 29an izango da, Gernika-Lumon.

Iaz Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, han aritu behar zuten bertsolari gazteei plaza eskaini nahi izan die Bertsozale Elkarteak. Hortik sortu da Eskolatik plazara: parte-hartzaileok eta plazan ohiko ditugun bertsolariak elkartuko dituen proposamena. Hiru saio izango direla aurreikusten da, eta jada lehen bien xehetasunak ditugu.

Urtarrilaren 29an, Gernika-Lumon egingo da lehena: 18:00etik aurrera, Astran izango da saioa. Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga ariko dira, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Igor Menikak gidatuko du.

Otsailaren 5ean izango da bigarren hitzordua. Arabako eta Nafarroako Eskolarteko ordezkariak elkartuko ditugu Iruñean: Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin ariko dira, eta Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da hitzordua, 18:00etatik aurrera. 

Laster emango dira hirugarren saioko xehetasunak.

Hiru saioak doakoak izango dira, baina izena eman behar da aurretik, www.bertsozale.eus atarian dauden izen-emate orriak beteta.

 

Bertsolari gazteentzako bultzada

Ekainean izan behar zuen Eskolarteko azken hitzorduak, Euskal Herrikoak; gero, azaroan; baina saiakera bat zein bestea ezin izan ziren gauzatu, osasun egoeraren bilakaera tarteko. Lurraldeetan saioak egiteko aukera izan zen, eta horietako bakoitzean erabaki ziren Euskal Herrikoan parte hartuko zuten gazteak zeintzuk izango ziren.

Elkarteak azaldu duenez, Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen. Finalean kantatzekoak ziren hamar bertsolari gazteei ikusgarritasuna eman nahi izan zaie Eskolatik plazara ekimenarekin, Eskolartekoaren egitekoetako bat hori izanda: bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten da datozen urteetako plazei begira, eta gazteen plazaratzea lehentasunezko apustuetako bat da Bertsozale Elkartean.

Eskolartekoa antolatzen duten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute Eskolatik plazara.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra