Santa eskea 2021-02-04
Bi bertso eskolaren adibideak aipatuko ditugu jarraian. Egiteko bide ezberdinak baina helburu nagusia bakarra: ohiturari eusten saiatzea.
Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak, adibidez, Tolosaldeko Santa Eskea 2021 egitasmoa jarri du martxan aurten. Eskualdeko jendeari kopla kantuan agertzen diren bideoak eskatu eta bideo zatiak batzean datza egitasmoa.
"Eskualdean egun seinalatua da otsailaren 4a. Herri askotan ateratzen da jendea eskean eta eskualdeko koplari eta bertsolari guztiek abesten dute batean ez bada, bestean. Horrez gain, Harituzek duela bi urte Santa Eskeko ohitura galduta dagoen herrietan berreskuratzeari ekin zion eta lehen bi urteetan Berastegin horretan ahalegindu ostean, 2021ean Baliarraingo Santa Eskea berreskuratzeko helburua zuen taldeak" aipatu digute taldekideek.
Aurtengo ezintasunekin ohitura galtzeko arriskua ikusirik ekin zioten ideia berri honi: "egunak berezi izaten jarrai dezan, Harituzen zuzendaritza batzordean dagoen kide batek Santa Eskeari modu honetan eusteko proposamena egin zuen eta ideia ona iruditu zaie elkartekjo kideei. Konfinamenduan Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak ere antzeko ekimen bat jarri zuen martxan eta 200 trikitilariren bideoak jaso zituzten. Formatuaren ideia haiei lapurtutakoa da".
Guztira hogei herri baino gehiagotako jendeak hartu du parte, hogeita hamar koplaritik gora. Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak eskerrak eman nahi dizkie parte hartzaile guztiei eta helburuak betetzat ematen dituztela aitortu digute: "Batetik, Santa Eskeko ohituran azpimarra jartzea eta bertsolaritzarentzat hain seinalatua den eguna itzalpean pasatzen ez uztea. Bestetik, datozen urteetan Santa Eskeko ohiturari eusten jarraitu ahal izateko zubi-lana egitea, aurten ere jendea kantuz jarriz eta azkenik, eskualde mailako egitasmoa burutu eta bertsozale zein koplasiak haritzea".
Jarraian ikusgai dagoen bideoa da jendearen koplekin osatutako bideoetako bat. Gainontzekoak ere ikusgai Harituz taldearen Youtubeko kanalean.
Tolosaldetik Getxora
ALBE Algortako Bertsolari Eskolari eskolako kideak ere urtero atera ohi dira Santa Eskean Getxoko baserri eta etxeetan barrena. Albekideekin batera, euskaltegiko lagunak ere ibili ohi dira kantuan eta talde handi bat elkartu ohi da goizetik eta ilundu arteko ibilbidean. Aurten, tamalez, askoz ekimen xumeagoa egitea beste aukerarik ez dute izan: "Urtero talde handi samarra elkartu ohi gara, gurekin batera euskaltegiko lagunak ere etorri ohi dira etxez etxe. Aurten ez da posible izan" azaldu digu albekide batek.
"Aurten laukote bat soilik arituko gara kopletan, neurri guztiak errespetatuz: musukoa soinean, distantzia mantenduta eta, noski, etxekoen onespena izanda. Izan ere, aurreko egunetan etxeetatik pasatzeko ohitura dugu ea bertakoak prest dauden edo zer aldarterekin dauden jakiteko; eta aurten bereziki garrantzitsua izan da hori". Ohikoa baino ibilbide laburragoa egingo dute, bazkaririk ez da izango eta iluntzean berandurarte luzatzeko aukerarik ere ez, noski, azken finean "ohiturari eusteko kontu sinbolikoa" izango da gehienbat.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24