Eskolartekoa 2021-02-17

Eskolatik Plazara ekimena geratzeko etorri da

Eskolatik Plazara ekimena geratzeko etorri da
Gernika-Lumon, Iruñean eta Altzon izan dira saioak. Pandemiarengatik, iazko Euskal Herriko finalean kantatu ezin izan zuten gazteek plazaz plaza ibili ohi diren bertsolariekin kantatzeko aukera izan dute. Harrera oso ona izan du ekimenak eta balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarleanean burutu duten ekimena izan da Eskolatik Plazara. Emaitza arrakastatsua izan du ekimenak, zaleek bertsoaz gozatzeko aukera polita izan dute eta bertsolari gazteentzat aukera ederra izan da belaunaldi ezberdinetako bertsolariekin batera jendaurrean kantatzeko.

"Euskal Herriko Eskolartekoaren faltan, oso formula egokia topatu dugu gazte hauei aukera bat emateko, lehiatik kanpo. Eta ez hori bakarrik, ikusgarritasunetik ere oso emaitza onak utzi dizkigu, bertsozale ugari bildu baita saioa hauetara. Bertsozaleak oso gustura atera dira saioetatik, maila bikaina izan dutelako, eta etorkizunean gure plazetan ibiliko diren bertsolariak entzuteko aukera izan dutelako" aipatu digu Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak.

Parte hartu duten bertsolari gazteak izan dira ekimen honetako protagonista nagusiak. "Oso pozik eta gustura" ikusi dituela aipatu digu Oierrek eta bertsolari denen aldetik (gazteak eta ez hain gazteak) jasotako "inpresioa oso ona" izan dela: "Adin horietan ez da erraza izaten plazako saioetan kantatzeko aukera edukitzea, eta gutxiago plazan dabiltzan puntako bertsolariekin batera. Erronka horren aurrean oso prestatuta eta gogotsu ibili dira denak. Hiru saioak oso ondo atera dira, eta helburu guztiak bete direla esan dezakegu"

Gernika-Lumoko saioan Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga izan ziren protagonista, oholtzakide izan zituzten Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbiorekin batera. Iruñean izan zen hurrengoa, bertan abestu zuten Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain, Bittori Elizalde, Eukene De Los Aires, Julio Soto eta Alaia Martinek. Eta azkenik, Altzoko saioan, Haira Aizpurua, Aner Peritz eta Irantzu Idoatez gain, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal ere aritu ziren kantuan.

Hemendik aurrera zer?

"Urtea nola doan ikusi beharko da. Ez gaude lehengo urtean bezain gaizki (ekitaldiak antolatzeari dagokionez), baina lurraldeetako Eskolartekoekin zein asmo dagoen ikusi beharko dugu aurrena" onartu digu Oier Iurramendik etorkizunera begira jarri dugunean.

Hala ere, ekimenak izan duen emaitza ikusita, datozen garaietan ere formatu honen aldeko apustua egiteko aukerak ikusten ditu Bertsozale Elkarteak. "Eskolarteko txapelketa normaltasunez jokatuta ere, aurtengo formulari bidea emateko aukerak bilatuko ditugu".

"Gazteen plazaratzeak kezkatzen gaitu eta gure ahaleginak norabide horretan joan behar direla uste dugu. Aurten antolatu dugun Eskolatik Plazara-ko saioek beste helburu hauek ere betetzen dituela ikusi dugu, eta horiei ere erantzun nahiko genieke".

Aurtengo Eskolatik Plazara ekimenaren argazkiak, hemen, eta saioetako bertsoaldien hautaketa laster sareko plazan.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri